Arraunlariek txandaka eta gelditu barik arraunean jardungo dute domekako 12:00ak arte, ordu horretan egun osoa beteko baita, ordutegiaren aldaketa kontuan hartuta.
Proba zinemen aurrean ipiniko duten karparen azpian egingo da, eta inguruan zenbait jarduera antolatuko dute, saioa dinamizatzeko eta kirolariak animatzeko. Marka apurtzeko ahaleginean jardungo dute 6 gizonezkok eta 4 emakumezkok, honako klub hauetakoak: Bartzelonako Reial Club Maritim, Alacanteko UA, Campello klub-nautikoa, Alacanteko klub-nautikoa, Getxo Arraun Taldea eta ENZ Indoor Rowing Getxo Kluba.
Gainera, munduko marka hausteko saiakerak elkartasun-izaera eta sentsibilizatzeko asmoa izango ditu; izan ere, Bizkaia Begisare elkarteak begiko zenbait gaixotasunek eragiten dituzten ikusmen baxuko arazoen berri emango du. Horrez gainera, zapatuan, 16:00etatik aurrera, haurrentzako jarduera ludikoak antolatuko dituzte, eta, 17:00etan, Galaxien Gerrako pertsonaien desfilea izango da. Domekan, berriz, behin erronka amaituta, Asla bikoteak kontzertu akustikoa eskainiko du.
Getxo Kirolak udal-erakundeak eta Getxo Kirol Portuko ostatuek babestu dute ekimena, eta hainbat sari zozkatuko dituzte bertaratuko direnen artean.