Oraingo honetan, Ondarreta abesbatzak Giovanni Battista Pergolesiren "Magnificat" eskainiko du, baita "Ondarreta, 50. urteurrena" ere, Iñaki Moreno zuzendariak bereziki egindakoa.
Sarreraren prezioa 15 eurokoa da aldez aurretik erosiz gero www.ticket.kutxabank.es eta Kutxabank-eko kutxazainetan, edo 18 eurokoa txarteldegian kontzertuaren egunean bertan.
Urte bizia
2017 ospakizun-urte bizia izan da Ondarreta abesbatzarentzat. Urteko egutegiaren ohiko kontzertuez gain, aurten egindako ekimenen artean argitalpen hauek ere aipatu behar dira: "Ondarreta 1967-2017" izeneko oroitzapenezko CDa eta Pablo Diaz-Guardaminok idatzitako "Ondarreta 50 años" izeneko liburua; argitalpen biak Getxoko Udalaren diruz lagunduta egon dira. Gainera, abesbatzari eskainitako zigilua eta zigilu-marka aurkeztu ziren Getxoko XXXIV. Filatelia-erakusketan, eta irailean, Areetako jai-batzordeak gonbidatuta, Mesedeetako jaietan pregoia irakurri zuten.
Etorkizunari begira, Ondarreta abesbatzak badu proiektu bat: haur-abesbatza sortu gura du Romo-Areetako auzoetako eta inguruetako umeen interes musikalak asetzeko, eta etorkizunean abesbatzarako harrobia izateko.
Gaur egun, abesbatzan, 58 pertsona daude: 17 soprano, 17 kontralto, 11 tenore eta 13 baxu. Haiei gehitu behar zaizkie zuzendaritza musikala, teknika bokalaren irakaslea eta piano-jotzailea.