Bizkaiko 250 eskautek baino gehiagok Getxo “berde eta txukun” uzteko lan egingo dute zapatuan

Iker Rincon Moreno 2017ko aza. 7a, 10:01

Iazko jardunaldiaren irudietako bat. © ESKUBELTZ ESKAUT TALDEA

Getxon ingurumenaren aldeko kontzientzia isiotu guran, jardunaldi berezia egingo du zapatu honetanEuskalerriko Eskautak Bizkaia taldeak, hilaren 11n. 14 eta 30 urte arteko 250 lagun inguruk parte hartuko dute horretan, "Eskautak martxan! Getxorekin bat!" goiburuagaz. Eskautek hausnarketa eta eztabaida eragin gura dute ekintza horregaz, pertsonek duten portaera ingurumen naturalean eta sortzen diren ingurumen-ondorioak azaleratuz. Horretarako, honako ekintza hauek egingo dituzte: zuhaitzen landaketa Gobela ibai inguruan, apo lasterkariaren habitata babesteko jarduera, landare inbaditzaileak kentzea eta Azkorriko pinudia garbitzea.

Ekintza horretan, Bizkaiko eskaut taldeak kanpora irtengo dira, "ekin", ingurumenaz gozatu eta mundua aurkitu duten baino "pixka bat hobeto" uzteko aprobetxatuz, "Bizkaiko hain garrantzitsua den tokian".

Aspaldi hasi ziren eskautak mota horretako ingurumen-boluntariotza ekintzak egiten. Ekitaldi hori Meatzaldetik Txorierrira arteko hainbat lekutan egin da, eta aurten, iaz bezala, Getxon egingo dute.

Euskalerriko Eskautak Bizkaia 2.000 ume, gazte eta 300 begirale inguru batzen ditu, eta 30 urte baino gehiago daramatza Bizkaian lan egiten.

Aisialdian aritzen den eskaut mugimendua, mundu osoan presentzia duena, pertsona libre eta konprometituak, askatasun eta berdintasunaren alde borrokatzen duten gazteak heztea dauka helburu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun