Imanol Landa alkatea, EAJ, GUK Getxo, EH Bildu, PSE-EE eta Herritarrak udal alderdien ordezkariakaz batera, Félix Arnáiz Maeso eta Alfredo San Sebastián Zaldívarren senideakaz egon da eta oroitzapenezko plaka bana eman die. Era berean, gogoan izan dute hirugarren biktima ere, Felicitas María Alexandra Lackett. Horren familia ezin izan dute aurkitu, bere bizilekua ez delako ezagutzen, antza denez atzerrian dagoelako, udal-iturrien arabera.
Biktimak (udalerritik kanpo eraildako Getxoko bizilagunak edo beste herri batzuetakoak berton eraildakoak) aitortzeko eta gogoan hartzeko ekitaldi horren jatorria da Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak publiko egin duen Euskal kasuan izandako bizitzeko eskubidearen aurkako urraketen argazkiak, herriz herri, 1960-2010 izeneko agiria, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua aurrera eramaten ari den lanaren ildotik. Agiria: http://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/retratos_victimas_paz/eu_def/adjuntos/bi-getxo-eu.pdf
EH Bildu: "Memoriaren bidean, oraindino zer eginik badago"
Getxoko EH Bilduk gogoratu duenez, "hamarkadak igaro behar izan dira, zehazki 42 urte, herri honetako instituzioek Felix Arnaiz Maeso eta Alfredo San Sebastian Zaldivar indar polizialen biktima legez aintzat hartu eta omenaldia egin dien arte". Hori dela eta, gaurko omenaldia "aurrerapauso" gisa hartu du koalizio abertzaleak. Hala ere, argi utzi gura izan du oraindino hainbat biktima daudela bidean, hala nola Eustakio Mendizabal "Txikia": "1973an Espainiako Segurtasun Indarrek "Txikia" Las V-en erail zuten eta gaur egun arte, Udal honek ez du biktimatzat hartu ezta omenaldirik eskaini ere".
Era berean, Euskal Herrian polizia-etxeetan torturatutako gizon-emakume denak Segurtasun-indarren "biktimak" ere badirela aldarrikatu du EH Bilduk, baita dispertsioa pairatzen duten presoen senideak ere.
"Herri honetan biktima ugari izan dira eta daude. Hortaz, biktima estatusa izatera behartzen dituzten mekanismoak bertan behera uzteaz gain, euren guztien izaera onartzea izango da bide bakarra, euskal jendartean guztion memorian oinarritutako elkarbizitza eraikitzera bagoaz, behintzat. Eta zeregin horretan EH Bildu beti prest egongo da", azaldu du koalizio abertzaleak.
"Terrorismoaren biktimei" omenaldia egin die PPk
PPk, bere aldetik, "terrorismoaren biktimei" omenaldia egin die gaur, San Inazio elizaren ondoan dagoen Guztion Etxea monumentuaren parean. EAEko popularren presidentea den Alfonso Alonsok nabarmendu gura izan du biktima horien memoria ezin dela baztertu: "euskaldunok askatasuna badugu, euren sakrifizioagatik izan da". Popularrek azaldu dutenez, gaurko omenaldian ETAk, GAL eta Batallon Vasco Español talde armatuen hildakoei gorazarre egin diete.
Bestalde, Alfonso Alonsok deitoratu du Sorturen jarrera, "euren iragana zuritu guran, bi biolentzien arteko talka kontatzen duen historia faltsua zabaltzeagatik". Izan ere, Alonsok gogoratu du Oroimenaren Eguna "terrorismoaren biktimak" oroitzeko ekimena izan zela "hasiera-hasieratik".
Udalaren hurrengo omenaldiak
Aurreko urteetan bezala, laster Getxoko Udalak hurrengo omenaldiak egingo ditu:
- Abenduak 1, 12:00etan, Terrorismoaren biktima guztien omenaldia. San Inazio plazan (Algorta), Guztion Etxea monumentuaren ondoan.
- Otsailak 3, 11:00etan, Gerra Zibilaren eta frankismoaren biktimei omenaldia. Galeako pasealekuan, Oroimenaren liburua monumentuaren ondoan.