Agur hunkigarria egin diete María López de Eguilazi eta Rocio Ybarrari

Iker Rincon Moreno 2017ko aza. 14a, 16:30

Rocio Ybarra, Jon Redondo eta María López de Eguilaz, gaurko ekitaldian. © MANU DE ALBA - BASQUE TEAM

María López de Eguilaz eta Rocio Ybarra belar-hockey jokalari getxoztarrak eta berangoztarrak agur beroa jaso dute gaur goizean, Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzan. Izan ere, Basque Team euskal kirolaren fundazioak agur hunkigarria egin die. Getxoztarrak goi-mailako lehiaketa utziko du; Rocio Ybarrak, ostera, Jolasetan segituko du baina ez du nazioarteko partida gehiagorik jokatuko.

Jon Redondo izan da kirolari biakaz. Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisiko eta Kirolaren zuzendariak iragarri duenez, López de Eguilazek eta Ybarrak amaitu dute Basque Teamagaz 2008tik zeukaten harremana, 10 urtez nazioarte-mailan "arrakasta itzela" izan ondoren.

López de Eguilazek lehiatzeari utziko dio goi-mailako kirolean 13 urte eman ondoren, bizitza pribatuari tarte handiagoa eskaini gura diolako. Ybarrak, ostera, ez du nazioarte-mailan lehiatzen segituko selekzio absolutuagaz, 266 partida jokatu eta gero. Dena den, bere klubagaz, Jolasetagaz, jokatzeari jarraituko dio.

Uribekostar biak gorengo mailara iritsi dira kirolean. López de Eguilazek birritan parte hartu du Olinpiar Jokoetan (Beijingen, 2008an, eta Rio de Janeiron, 2016an) eta diploma bi eskuratu ditu. Ybarra hiru Olinpiar Jokotan lehiatu da (Atenasen, 2004an, Beijingen, 2008an, eta Rio de Janeiron, 2016an) eta diploma bi irabazi ditu.

Basque Teamen arabera, "Euskadin sakon errotuta dagoen kirol baten estandarte" izan dira uribekostar biak. "Bartzelonan 1992. urtean egindako jokoek hockeyaren tradizioa bizitu zuten. Emakumezkoen hockeyrako aurrerapausoa ekarri zuten. Nagore Gabellanes, Teresa Motos, Maider Telleria eta Silvia Manrique euskaldunen parte hartzea izan zuen taldeak urrezko domina eraman zuen, Joko batzuetan egindako estreinaldian", oroitarazi dutenez. María Lopez de Eguilazek eta Rocio Ybarrak "emakumezkoen hockeyak gurean izan duen ibilbide oparoan euren harri koskorra jarri dute" gaurkoan azaldu dutenez. Horren truke, "merezitako omenaldia" eman diete goizean.

Agur-ekitaldiaren argazkiak

López de Eguilazen eta Rocio Ybarraren nazioarteko agurraldia

María López de Eguilaz

Askotan, López de Eguilaz (Getxo, 1984ko uztailaren 12) atezain oso on gisa definitu izan dute. Izan ere, 2015an eta 2017an Ligako atezain onena izendatu zuten, 2012an eta 2015ean Erregina Kopako atezain onena, eta 2013an Munduko ligako atezain onena, erronda bitan.

Zazpi urte zituela, Jolaseta Errege Klubean hockey zelai berri bat eraiki zuten eta arreta deitu zion. Bere kabuz eman zuen izena eskolan. Hasieran jokalaria zen, gustuko zuen golak sartzea eta nahiko txukun jarduten zuen horretan, baina 12 urte betetzear zegoela, Espainiako txapelketa jokatu baino lau egun lehenago, taldeko atezainak min hartu zuen eta bera jarri zuten haren lekuan. Jokalariak judoa, futbola, tenisa, mutilakaz patinetako hockeya, hipika… denetarik egiten zuen garai hartan, eta horrek zerikusirik izango zuen erabakian.

Bada, Espainiako laugarren postuan bukatu zuten. Hilabete gutxira, berriz, Espainiako 16 urtez azpiko selekzioko deialdian sartu zen. Handik aurrera hockeyan arreta osoa jarri, eta 16 urte zituela Madrilgo Blumera joan zen bizitzera. Beheko kategorietan Europako zazpi txapelketa jokatu zituen, baita 21 urtez azpikoen Munduko Txapelketa ere. 20 urte zituela deitu zuten lehen aldiz selekzio absoluturako. 2005ean Realera joan zen, eta han aritu zen urteetan, tarte txiki baten izan ezik: 2012an Herbehereetara jo zuen, munduko ligarik onenean jokatzeko.

Bere kirol-ibilbidearen azken zatia Jolasetan egin du, lehen urratsak eman zituen leku berean, kirol-karrera amaitzeko era bikaina. Mundu osotik bidaiatzeko eta txapelketa onenetan lehiatzeko pribilegioa izan du getxoztarrak, Beijingo eta Rioko Jokoetan, esaterako. Hori dena unibertsitateko ikasketakaz eta entrenatzaile lanagaz uztartu du.

Nazioarteko palmaresa garrantzitsuena

  • Olinpiar Jokoak: 7. postua eta diploma, 2008an; 8. postua eta diploma, 2016an.
  • Munduko txapelketak: 4. postua, 2006an; 12. postua, 2010ean.
  • Europako txapelketak: 4. postua 2005ean, 2007an, 2009an, 2011n eta 2015ean; 5. postua, 2013an.
  • Hockey aretoko Munduko txapelketak: 2. postua, 2007an.
  • Hockey aretoko Europako txapelketak: 2. postua, 2009an.

Rocio Ybarra

Haurtzaroan belar hockeyko zelaietatik zebilen beti korrika Rocio Ybarra (Berango, 1984ko abenduaren 26) bere ahizpa Luciagaz, Mentxu amaren eta Luis euren nebaren partidak ikustera joaten zirenean. Egun batean, sticka hartu, eta bere senitartekoek emandako pausoen ildotik segitzea erabaki zuen, 50eko hamarkadan Luis Solaun aitonak irekitako bidetik (laugarren izan zen Tokion, 1964an). Ez zuen uste hain urrun helduko zenik. 32 urtegaz, hockey-munduan erreferente bilakatu eta gero, bai hemen eta bai Holandan, 1992ko arrakasta errepikatzea amesten duen Espainiako selekzioaren kapitaina izan da, orain arte. “Kapitaina izateak erantzukizun handiagoa sortzen dit. Gauzak ahalik eta txukunen egin behar ditut, besteek ere dinamika horri eutsi diezaioten. Urte asko daramatzat eta beste taldekideei laguntza eman behar diet taldeak nola funtzionatzen duen uler dezaten” adierazi du noiz edo noiz.

Rociok hiru Olinpiar Jokotan hartu du parte; oso kirolari gutxik lortutako zerbait da hori. 2004an, Atenasen,  hamargarren postuan bukatu zen, eta Beijingen, 2008an, eta Rio de Janeiron, 2016an, diplomak lortu zituen, hurrenez hurren zazpigarren eta zortzigarren bukatuta.

Behin baino gehiagotan Atenaseko lehenengo parte hartzean izandako ilusioa berresteko aukera izan du. Oso gazte lehiatu zen Atenasen, 19 urte zituela, eta bigarren Jokoetan, Beijingen, gehiago hazi zen jokalari gisa. Londreseko Jokoetarako sailkapenik ez lortzea kolpe latza izan zen berarentzat, baina Riorako txartela eskuratzeak gogoa eta indarra berpiztu zion berriro.

Jokatu duen azken Europako txapelketak amaiera ezin hobea eman dio nazioarte-mailan bikaina izan den ibilbideari. Amsterdamen jokatutako txapelketa kontinentalean bosgarren postuan amaitu du selekzioak. Rociok agur esan du errekor bategaz: nazioarteko 266 neurketa.

Orain Jolasetagaz liga jokatuko du eta bere ogibidean ipiniko du arreta, azken urteetan hezkuntza goi-mailako belar-hockeygaz uztartu behar izan baitu.

Nazioarteko palmaresa garrantzitsuena

  • Olinpiar Jokoak: 10. postua, 2004an; 7. postua eta diploma, 2008an; 8. postua eta diploma, 2016an. 
  • Munduko txapelketak: 4. postua, 2006an; 12. postua, 2010ean.
  • Europako txapelketak: 4. postua, 2005ean, 2007an, 2009an, 2011n eta 2015ean; 5. postua, 2013an eta 2017an.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun