Udalerriko langabeak kontratatzeko egitasmoa jarri du martxan Getxoko Udalak

Iker Rincon Moreno 2017ko aza. 15a, 14:32

Getxoko Udalak udalerriko 16 langabe zuzenean kontratatzeko deialdia zabaldu du. Gainera, udalerriko enpresentzako kontratazio-laguntzak emango ditu baita ere. Horri esker, 65 pertsona kontratatzea aurreikusita dago.

Getxoko Udalak 416.648 euroko diru-laguntza jaso du Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzutik enplegua sustatzeko tokiko jardueretarako 2017ko ekitaldiko diru-laguntzen deialdia babesteko. Diru-laguntza hori, alde batetik, enplegua sustatzeko erabiliko da; horretarako, Getxoko 16 langabe zuzenean kontratatuko dira (186.837,77 euro). Bestetik, Getxoko enpresentzako kontratazio-laguntzak emango dira (229.810,80 euro). Diru-laguntza honi esker 65 pertsona kontratatuak izatea aurreikusten da.

 Ignacio Uriarte Ekonomia Sustapenerako zinegotziak esan duenez, "enplegua sustatzera bideratutako diru-laguntzaren helburua da bultzatzea lan-merkatuan sartzera laneratzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonak, aldi baterako lan esperientzia baten bidez, beraien prestakuntza, gaitasun pertsonalak eta motibazioa indartzeko". Horiek horrela, Getxoko 16 langabe kontratatuko dira hamar udal-proiektu garatzeko. Gutxienez, sei emakume langabe, diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten bost pertsona eta 55 urtetik gorako bi pertsona kontratatuko dira.

Eskatutako profilak hurrengo hauek dira:

  • enpresako aholkularia (1)
  • artxiboen edota liburutegien administrazio langilea (4)
  • dokumentuen digitalizatzailea (1)
  • liburutegiko edota dokumentazioko laguntzailea (1)
  • artxiboko laguntzailea (1)
  • administrari komertziala (1)
  • administrari teknikoa (1)
  • zaindariak (2)
  • margolariak eta peoiak (4)

Kontratazio horietarako guztietarako hautagaien aukeraketa egingo da Euskal Enplegu Zerbitzuan erregistratutako eskaintzaren bidez, azaroaren 21etik aurrera eta, horrenbestez, ezinbesteko baldintza izango da pertsona interesdunak langabeak izatea eta Lanbiden izena emanda egotea.

Enpresentzako kontratazio-laguntzak

Bestalde, Getxoko Udalak diru-laguntzak emango dizkie tokiko enpresei langabeentzako hiru eta sei hilabete arteko kontratuak egin ditzaten. Kontratu horiek 2017ko uztailaren 28tik abenduaren 31ra bitartean hasi beharko dira. Hiru hilabeteko lanaldi osoko lanpostu bakoitzeko 3.000 euroko laguntza emango da gehienez, eta sei hilabeteko edo gehiagoko lanpostu bakoitzeko 6.000 euro.

Sei hilabeteko edo gehiagoko iraupena daukan lanaldi osoko lan-kontratu bakoitzeko, laguntzaren zenbatekoa, gehienez, 9.000 eurokoa izango da, honako kolektibo hauen barruan dauden pertsonak kontratatuz gero: diru-sarrerak bermatzeko errentaren titularrak, 35 urtetik beherakoak direnak eta lehen lanpostua eskuratzen dutenak, 55 urtetik gorako iraupen luzeko langabetuak. Enpresak izango dira langabetuak aukeratuko dituztenak. Deialdia abenduaren hasieran BAOn argitaratzea aurreikusi da. Egun horretatik aurrera aurkeztu ahal izango dira eskaerak.

Iaz Getxoko 60 langabe kontratatzea lortu zen, Lanbidek enplegua sustatzeko tokiko ekintzen deialdirako eman zuen diru-laguntzari esker (395.701,08 euro). Kontratatutakoen % 50 emakumeak izan ziren, % 22a 55 urtetik gorakoak (13 pertsona), diru-sarrerak bermatzeko errentaren 9 onuradun, iraupen luzeko 4 langabetu, 35 urtetik beherako 5 pertsona, 45 urtetik gorako 4 pertsona eta desgaitasuna zuten 2 pertsona.

Informazio gehiago jasotzeko eta kontsultak egiteko jarri harremanetan Getxolan elkarteagaz (Getxo Elkartegia, Ogoño 1, Areeta). Tel: 94 466 01 40, www.getxo.eus/getxolan edo getxolan@getxo.eus

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun