Emakume bat atxilotu dute zaintzen zuen emakumeari 9.000 euro eta bitxiak lapurtzea egotzita

Iker Rincon Moreno 2017ko aza. 15a, 16:47

Ertzaintzak 27 urteko emakume bat atxilotu zuen atzo goizean Getxon, iruzur eta lapurreta delituak leporatuta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Atxilotutakoak 9.000 euro inguru eta bitxiak lapurtu ei zizkion zaintzen zuen adineko emakumeari.

Polizia iturriek azaldu dutenez, joan den hilaren 9an salaketa bat jaso zuten Getxoko Ertzain-etxean. Horretan, adineko emakume baten etxetik diru-kopuru jakin bat desagertu zelaren abisua eman zuten. Bestalde, emakumearen bankuko txartel bategaz dirua atera zutela ere salatu zuten; izan ere, iturrien arabera, emakumea ezin da ohetik altxatu gaixotasun larri batek jota dagoelako. Modu horretan 9.000 euro inguru atera zituzten. Gainera, emakumearen etxetik hainbat bitxi ere desagertu zirela salatu zuten.

Horren guztiaren aurrean, Ertzaintzak ikerketa bat abiatu eta dirua eta bitxiak emakumearen zaintzaileak hartu zituela ondorioztatu zuten poliziek.

Ikerketaren arduradunek, besteak beste, egiaztatu zuten ustez lapurtutako hainbat bitxi Getxo inguruan urre salerosketan aritzen diren hainbat saltokitan saldu zituztela.  

Horregatik guztiagatik, eta dagozkion frogaketak egin ondoren, ertzainek atzo goizean atxilotu zuten Getxon bertan emakumearen zaintzailea, 27 urteko emakumezkoa, iruzur eta lapurreta delituak leporatuta, eta polizia-dependentzietara eraman zuten.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun