Pintxoez eta giro euskaldunaz gozatzeko ibilbideak, bihartik aurrera

Iker Rincon Moreno 2017ko aza. 17a, 11:52

Askotariko pintxoak egongo dira aukeran. © GETXOKO UDALA.

GetxOnegin pintxo-lehiaketaren VIII. edizioa egingo dute azaroaren 18an, 19an, 25ean eta 26an. Denera, 55 establezimenduk osatuko dute ibilbide gastronomikoa.

Ostalaritzako 55 establezimenduk parte hartuko dute aurten GetxOnegin pintxo-lehiaketaren VIII. ekitaldian. Azaroaren azkeneko aste-akabu bietan izango da txapelketa gastronomikoa. Establezimendu bakoitzak pintxo bakarra aurkeztu ahal izango du, 1 euroko prezioan; gainera, horren izenak euskarazkoa izan beharko du.

Pintxo denak hartuko dituen txartelak argitaratuko ditu Udalak; horietan, pintxo bakoitza egitean erabili diren osagaiak agertuko dira, bat izan ezik, berori sekretua izango delako. Hala, publikoak hori zein den igarri eta horren gaineko euskarazko testua idatzi ahal izango du. Horiek denak WhatsApp edo telefono bidez (683 456 534) bidali beharko dituzte, lehiaketan parte hartzeko. Pintxoaren egitea librea izango da, tradizionala izan ezik; azken horrek gilda modukoa izan beharko du eta.

Aste-akabu bietan, kalez kale, giro euskalduna areagotzen laguntzeko, hainbat talde ibiliko dira, berbarako Argia Kantari Kanta, Itxarkantu eta Musikalia. Modu berean, ostalariei Spotifyko musika-zerrenda emango zaie. Lehiaketaren epaimahaikideak parte hartzen duten 55 establezimenduetatik pasako dira eta aintzat hartuko ditu pintxoaren zaporea, originaltasuna eta euskararen erabilera. Ostean, puntuazio altuena lortzen duten bost pintxo finalistak izendatuko ditu, eta horiek pintxoa zuzenean egin beharko dute berriro, abenduaren 4an, Fadurako Ostalaritza Eskolan. Bertan, izen handiko sukaldari batek aukeratuko du pintxo irabazlea, eta kultur alorreko eragile batek, testu hoberena.

Getxoko Udalak zabaldutako bideoa (© GETXOKO UDALA)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun