Ekimenaren XIX. aldian, protagonistak honako hauek izango dira: Ihintza Elsenaar, Nuria García, Christian Rodríguez eta Jonatan García.
Astea Christian Rodríguezek hasiko ditu jardunaldiak. Getxoko Ibilki elkarteko kideak mendizaletasun inklusiboaz berba egingo du. Izan ere, eskarmentua dauka ikusmen-dibertsitate funtzionala duten pertsonakaz mendian. Azken espedizioa ekainean egin zuen, Norvegiako Galdhøpiggen mendiko tontorrera (2.469 metro). Hurrengo egunean, martitzenean, Nuria García alpinista gaztelarrak azalduko du zelan heldu zen Himalaiako Cho Oyu mendira (8.201 metro), 31 eguneko "arazoz betetako bidea" egin ostean.
Eguaztenean izango da euskarazko berbaldi bakarra; Ihintza Elsenaar eskalatzaile gipuzkoarrak eskainiko du. "Peruko Puscanturpa mendian egindako eskalada" bideoa emateaz gainera, espedizio horren bizipenak kontatuko ditu. Puscanturpan (5.652 metro) beste lau lagunegaz lortu zuen bide berri bat zabaltzea: Puscaj Pucutai (hodeien iruleak, ketxueraz). Jonatan García barakaldarrak itxiko du zikloa, Annapurnaz berba eginez.