Eskola-orduetatik kanpo ikastetxeetako instalazioak erabiltzeko zerbitzua luzatu du Getxoko Udalak

Iker Rincon Moreno 2017ko aza. 22a, 17:58

Romo ikastetxeko patioa. © GETXOKO UDALA

Getxoko Gobernu-taldeak urtebetez luzatu du eskola-orduetatik kanpo ikastetxeetako ikasgelak eta kirol-instalazioak kudeatzeko eta kontrolatzeko zerbitzua. Zerbitzu hori emateko, enpresa esleipendunaren kontratua 67.900 eurogatik (BEZ barne) luzatu da, eta 2018ko urtarrilaren 4tik 2019ko urtarrilaren 3ra bitartean egongo da indarrean. Kirol-instalazioei dagokienez, zerbitzua Andra Mari, Zubileta eta Romo ikastetxeetan eskaintzen da.

Andra Marin, honako ordutegi honetan: astelehenetik barikura (biak barne) 18:00etatik 22:00etara; zapatuetan, 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara; eta domeka eta jaiegunetan, 09:00etatik 13:00etara.

Zubileta ikastetxea, astelehenetik zapatura (biak barne) egongo da zabalik eskola-orduetatik kanpo, 18:00etatik 22:00etara; eta domeka eta jaiegunetan, 09:00etatik 13:00etara.

Ikastetxe horietako kirol esparruak itxita egongo dira abuztuan eta urtarrilaren 1ean, erabiltzailerik ez dagoelako.

Romokoan bestalde, astelehenetik barikura (biak barne) erabili ahal izango dira kirol instalazioak, 16:30etik 22:00etara; zapatu, domeka eta jaiegunetan, 09:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 20:00etara.

Ikasteko gelei dagokienez, eskola-orduetatik kanpoko zerbitzua Julio Caro Baroja institutuan eskainiko da, urtarrilaren 2tik 22ra (biak barne, Errege Egunean izan ezik) eta maiatzaren 7tik uztailaren 3ra. Honako ordutegi hau dauka zerbitzuak: lanegunetan, 17:00etatik 22:00etara; eta aste-akabu eta jaiegunetan, 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 22:00etara.

"Zerbitzu hau luzatuta, batez ere gazteen eskaerari erantzuten jarraitu ahalko dugu. Eta, halaber, zerbitzua ezarri dugun ikastetxeetan eskaintzen diren aukerak hobeto aprobetxatuko ditugu, bai ikasteko bai kirol eta aisialdi jarduerak egiteko", adierazi du Keltse Eiguren Hezkuntza Arloko zinegotziak. Era berean, azpimarratu du, "kontratuan sartuta daude aipatutako instalazio eta aretoak behar bezala egotea eta funtzionatzea bermatzeko, eta erabiltzaileei higiezinen eta instalazioen erabilera egokia errazteko eta beraien informazio eskaerak bideratzeko behar diren zerbitzu guztiak".

Ikastetxe bakoitzean pertsona bat arduratuko da zerbitzuaz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun