Foru Arauak udal-gobernuari datorren urteko aurrekontu proposamena urrian aurkeztea ezartzen dion arren, oposizioko taldeek zirriborroa ezagutzen ez dutela deitoratu du EH Bilduk, "antza datorren astelehenean aurkeztuko digute. Beraz, oraingoan ere EAJ eta PSE berandu dabiltza, arauak ezartzeko betebeharrari muzin eginez".
Alderdi ezkertiarrak azaldu duenez, tasa eta zergen prozedurak hilabete luzeko izapideak eskatzen ditu, eta zerga garrantzitsuenetan ordenantza aldaketa indarrean sartu beharko litzateke 2018ko urtarrilaren 1a baino lehen, "eraginkorra izateko". Hala, daborduko hori "ezinezkoa" dela ondorioztatu du EH Bilduk, "horren ondorio da, berriro ere, EAJk eta PSEk 2016. urtean sinatutako akordioa ez dutela beteko", deitoratu dute koalizio abertzalekoek.
Hala ere, Gobernu-taldearen jarreren ondorioak larriagotzat jo ditu EH Bilduk: "ezin izango zaie Ondasun Higiezinen gaineko Zergan etxebizitza hutsei gainkargarik ezarri alokairua sustatzeko. Oztopatu eta atzeratzen ari dira obra-lizentzietako ordenantzan jarri daitezken hobariak eta aldaketak". Era berean, birziklatzea sustatzeko neurririk hartzeko aukerarik ez dela egongo deitoratu dute koalizio abertzalekoek: "ezin izango baita garaiz ezarri hobaririk zaborra bildu, tratatu eta garraiatzeko tasan ontzi marroiaren erabileragatik".
Gobernu-taldea PP alderdiagaz aurrekontu-akordioa bilatzeko bidea "errazten" ari direla ohartarazi du EH Bilduk, "edo okerragoa izan daitekeena, 2017. urtean egin zuten bezala, aurrekontuz kanpoko ezkutuko akordioa lantzen ari direla".