Abenduaren 16tik urtarrilaren 7ra, ohi baino astebete gehiago, Getxolandia Gabonetako Haur Parkeak atrakzioak eta jolasak gerturatuko dizkie haurrei Areetako Xake plazan. Aurten, Euskadiko Feriante Autonomoen Elkarteak (AFADE) antolatuko du parkea, Getxoko Udalaren laguntzagaz. Aurreko urteetako antzeko atrakzio-eskaintza izango du parkeak.
Ohiko data zabaltzeaz gainera, Getxolandiak bere formatua aldatuko du eta ez du karparik izango, aurreko urteetan izandako edukiera arazoak saihesteko. Segurtasun arauak direla eta, gehienez heldu bat bakarrik sar zitekeen ume bakoitzeko. Ostera, aurten parkea aire zabalean izango da eta familia osoa sartu ahal izango da horretara.
Karpa ez jartzeko beste arrazoia Getxo Kultura Plan Estrategikoaren ezarpena da. Plan horretan ekimen eta jarduera kultural berriak abian jartzeko beharra zehazten da. Horien artean, adibidez aipatzekoak dira haurrentzako sormena bultzatzeko ekimenak. Hori dela eta, Romoko Kultur Etxean egiten diren Gabonak Kultur Etxean tailerren eskaintza handitu da. Guztira, abenduaren 26tik 29ra eta urtarrilaren 2tik 4ra, 3 eta 12 urte bitarteko haurren sormena eta irudimena sustatzen duten 42 tailer antolatuko dira. Horietan, besteak beste, jolasak, pintura, collagea, eskultura, ekimen ludikoak eta adierazpen plastiko anitzak landuko dira.
Gabonetako egitaraua borobiltzeko, haurrentzako txotxongilo-ikuskizun bi egongo dira abenduaren 28an eta 29an. Antzezkizunak Areetako Andrés Isasi Musika Eskolan izango dira, 18:00etan.