Hiru txistularik "Agur Jaunak" abestia jo dute, eta jarraian minutu bateko isilunea gorde da. Ondoren, alkate getxoztarrak loreak utzi ditu San Inazio plazako eskulturaren oinean.
Gaurko ekitaldi hori beste ekitaldi biri gehitzen zaie: batetik, Gerra Zibilaren, lehenagoko gatazka zibilen eta frankismoaren biktimak gogoratzeko otsailean egin zen omenaldiari; eta, bestetik, joan den azaroaren 10ean izandako Oroimen Egunari.
2009ko akordioa berrikusteko eskaera egin du EH Bilduk. Prentsa oharra, jarraian:
Badira urte batzuk Getxoko EH Bilduk Getxon Terrorismoaren biktimen oroimen deitutako egunaren harira eskatu duela akordioa berrikustea, eta 2009an adostutako testua egun Udalean ordezkatuta dauden talde politiko guztien artean lantzea, akordio zabalagoa erdiesteko asmoz. Izan ere egun 2009. urtean ordezkatuta ez geunden hiru talde gehiagok osatzen dugu udal korporazioa.
Eskari horren aurrean, EAJk izan duen posizio politikoa estatikoa eta koldarra izan da erabat. Akordio zabalagoa lortzeko bidean jarri baino, 2009an alderdi soil batzuekin egindako akordioari gogor heldu dio, eta bestelako akordio posibleak baztertu.
EH Bilduren aburuz, ezinbestekoa da memoriaren eta biktima guztien errekonozimenduan aurrerapausoak ematea. Horretarako 2009an erdietsitako akordioari iraungitze data heldu zaiola deritzogu. Uste dugu garaia dela bestelako aurrerapauso batzuk emateko, eta akordio zabalagoak lortzeko. Xede horrekin EAJri iaz, testu proposamen bat helarazi genion, biktima guztiak maila berean jarriz, eta merezi duten lekua emanez, baina ez genuen erantzunik izan.
Ildo beretik aurten foro ezberdinetan testua berrikusteko proposamena egin dugu, baita alkatetzara helburu hori lortzeko lan talde bat eratzeko eskakizuna luzatu ere. Asteak pasata baina ez dugu inolako erantzunik jaso Imanol Landarengandik. Hortaz, ez da testuaren lanketarako aukerarik zabaldu, eta horrek benetan arduratzen gaitu.
Gure aldetik aurrerantzean prest egongo gara gaiari berriro heltzeko, akordio zabalagoa lortze bidean, eta biktima eta min guztiak aitortuak izan daitezen. Bitartean baina, arestian aipatutako arrazoiak direla medio ezin izango dugu abenduaren 1eko ekitaldian parte hartu.