Harrera-ekitaldia Bilboko foru-jauregian egin dute; bertan, Rementeriak Getxoko karatekaren eta bera bezalako beste batzuen kirol-talentua goratu du. Pereda Europako txapelketan ere garaitu zen iaz.
Getxoztar gaztea foru-programa batean dabil; etorkizuneko kirolariak bultzatzeko 86 kirolarik parte hartzen dute programa horretan. Hala, Rementeriak azpimarratu du hauxe dela Bizkaiak eredutzat hartu gura duena: "Kirola, kirol oinarri denaren gainean, izan behar duenaren adibidea. Bere garaian esan nuen legez: ez dugu hoolligan-ik behar, gurasoak behar ditugu, eta kirola txikitan batez ere dibertsioa dela argi duten entrenatzaileak behar ditugu. Horregatik gure lema ‘Egin Kirola, have fun’ da. Eta oinarri horregaz lan egiten bada, Xabik bezala urrezko domina lortzera heldu daiteke". "Ohore handia da Bizkaiak beste munduko txapeldun bat izatea", aitortu du Rementeriak. Modu berean, Peredari eskerrak eman dizkio ahaldun nagusiak, Bizkaia lekurik gorenean ipini izanagatik.
Rementeria eta Peredagaz batera, ekitaldian izan dira Lorea Bilbao Euskara eta Kulturako foru-diputatua, Manuel Colas euskal karate-federazioko presidentea, Andoni López Bizkaiko karate-federazioko presidentea eta Álvaro González Getxoko Udaleko kirol-zinegotzia.
Xabier Pereda 2014an hasi zen Bizkaiko Foru Aldundiaren etorkizuneko kirolariak sustatzeko programan. Horren bitartez, foru-iturriek gogorarazi dutenez, "Foru Aldundiak hobetzen laguntzen die kirolariei, aurrera egin eta euren kategoriako maila gorenera hel daitezen". Aldundiak duela bost urte abiarazi zuen etorkizuneko goi-mailako kirolariei laguntzeko eta aholkularitza eskaintzeko programa, 2012-2013 ikasturtean.