Herri-lasterketa Fadurako kiroldegiko eraikin nagusiaren aurrean hasiko da, aurreko urteotan bezala, 11:00etan. Parte-hartzaileek bederatzi kilometroko ibilbidea egingo dute udalerriko auzoetan barrena, ondoren Fadurara bueltatzeko; helmuga atletismoko pistan egongo da. Lasterketari ekin aurretik, 10:30ean, umeek eta sendiek lekukotasun-proba egingo dute.
Ricardo Ansotegi Itxartu Taldeko kideak azaldu duenez, "2016an podiora igo ziren atletak gonbidatu ditugu eta zenbaki pertsonalizatua eramango dute. Daborduko lasterketan parte hartuko dutela baieztatu dutenak dira: Francisco Javier Fontaneda getxotarra, Memorialaren lehenengo irabazlea; iazko txapeldunak, El Hassan Oubaddi eta Elena Loyo; Hamid Bed Daoud, bigarren, 2016an; eta Nerea Eugenia Iturriaga, hirugarren, 2016an".
Álvaro González Getxoko Udaleko Kirol zinegotziaren arabera, zirkuitua "maite dute bertako kirolariek eta baita Getxora datozen kirolariek ere"; izan ere, asko dira "herri-lasterketen egutegiaren barruan klasikoenetakoa den proba batez gozatzera" datozenak.
Zinegotzi getxoztarrak, bestalde, adierazi du "Itziar López de Uralderen omenezko lasterketa Getxoko kirol-munduak Bizkaian maratoiko probetan aitzindari izan den kirolari bati egiten dion omenaldia da, entrenatzen zuela zoritxarrez auto batek harrapatuta zendu zen kirolaria; eta kirolaren ospakizuna ere bada, Itxartu Taldearen lan eskuzabalari esker". Hala, eskertu du "bai Itxartuk, bai udalerriko taldeek eta elkarteek urte osoan egiten duten lana kirola sustatzeko".
Sariak eta elkartasun-laguntza
Emakumezkoek eta gizonezkoek dituzten sarien diru-kopuruak berberak dira: 300, 200, 100, 80, 70 eta 50 euro, alegia; gainera, sari gehigarriak emango dizkiote honako hauei: probako errekorra haustea lortzen duenari, 600 euro; 175 euro, lehenengo euskal herritarrari; eta 125 euro, aurreneko getxoztarrari. Hoberen sailkatuko diren hiruna korrikalariek, kategoria bakoitzean, garaikurra jasoko dute eta, horrez gainera, opariak banatuko dira lekukotasun-proban parte hartuko duten 16 urtez azpikoen artean. Izena ematen duten denek elastiko teknikoa jasoko dute. Bestalde, antolakuntzak euro bana emango dio Getxoko Caritasi, egindako inskripzio bakoitzeko.
Memorialaren zergatia
Itziar Lopez de Uralde atleta algortarra hil egin zen 1982ko abenduaren 30ean, 26 urte zituela, Basurtuko ospitalean. Bertara eroan zuten lau egun lehenago, larri, Leioako Bi-103 errepidetik footinga egiten zebilela guardia zibil batek gidatutako auto batek harrapatu ostean. Gidariak ihes egiteari ekin zion eta, bertsio ofizialaren arabera, istripua gertatu zenean autoan bidaiatzen zuten beste guardia zibil bik ezin izan zuten pilotua geldiarazi. Bidaia Lemoizko Komandantzian bukatu ei zuten eta lankideek bertan entregatu zuten gidaria.
Harrapaketatik egun bitara, oraindino Lopez de Uralde bizirik zegoela, Guardia Zibilak kanporatu zuen Antonio Jimenez Almellones, Lemoizen destinatutako guardia zibil bat, Lopez de Uralderi laguntza ukatu izana frogatutzat joz.
1986ko maiatzaren 9an, Bizkaiko Auzitegiak honako zigorra ezarri zion Jimenezi: urte bat eta egun bateko espetxe zigorra, 19.000 pezetako isuna (114 bat euro), errieta pribatua eta gidatzeko baimena hiru hilabetez kentzea.
1990eko irailaren 28an, Espainiako Ministroen Kontseiluak indultua eman zion Itziar Lopez de Uralde hil zuen guardia zibil ohiari, 50.000 pezeta (300 bat euro) ordezko zigorra ezarriz.
Gaur egun, atleta algortarra zena ez dago onartuta "segurtasun-indarrek bizitzeko eskubidearen aurka egindako urraketen" biktima gisa. Izan ere, bere kasua ez da agertzen Eusko Jaurlaritzak 2015ean udalerrika atera zuen "Euskal kasuan izandako bizitzeko eskubidearen aurkako urraketen argazkiak, herriz herri" bilduman, ez Getxoko liburukian ezta Leioakoan ere.
Lopez de Uralderen heriotzatik urte batera, 1983an, Getxoko Atletismo Taldeak burutu zuen Itziar Lopez de Uralde Oroi-Lasterketaren lehenengo edizioa. Azken urteotan, Algortako Itxartu taldea batu da, gerora antolakuntzako ardura hartzeko.