Hauteskunde sindikaletako hautagaia zen langilea berriro lanera bueltatzeko eskatu dio LABek Aisibiziari

Iker Rincon Moreno 2017ko abe. 20a, 10:39

Algortako antzinako kultur etxean, Urgull kalean, dago kokatuta auzo horretako gaztelekua.

Algortako Gaztelekua kudeatzen duen Aisibizia Elkarteak langile bat kaleratu zuen joan den eguenean, LAB sindikatuak jakinarazi duenez. "Ekintza horren bidez, eta bete aitzakia ezberdinak erabiliz, langileen antolaketarako edozein aukera eraitsi nahi zuten", deitoratu du sindikatuak. Hori salatzeko, elkarretaratzea egingo dute gaur, eguaztenean, Areetako Eskoletako plazan. Hitzordua 15:00etan jarri dute.

LAB sindikatuak azaldu duenaren arabera, enpresak "bazekien" kaleratutako langilea 3 egun beranduago egin behar ziren hauteskunde sindikaletako hautagai bat zela, "eta bere boterea erakutsi nahi izan du bere oinarrizko eskubideen alde jarduten duen oro zer gerta dakioken ohartarazteko".

LAB sindikatuak gertakarien "larritasuna" salatu du: "Langileon oinarrizko eskubideen aurka jotzen dute gertakariok, sindikatze askearen aurka, ordezkatuak izateko eskubidearen kontra... Gure bizi baldintzak hobetzeko eta gure interesak hobeto defendatzeko ezinbestekoa da langile gisa elkartzea, gure batasuna, eta horregatik, hain zuzen ere, segituko dugu enpresa askoren bidegabekeriaren aurka langileen antolatzea defenditzen".

Hori dela eta, kaleratutako langilea berriro lanera bueltatzea eskatu dio LAB sindikatuak Aisibizia Elkarteari, eta, bide batez, "hauteskunde sindikalak hertsapenik gabe eta askatasun osoz burutzen utz diezagula".

Aisibizia Elkartea Getxoko Udalarentzat lanean ari da eta bertako gazteei zuzendutako zerbitzu bat eramaten du: Algortako eta Itzubaltzeta/Romoko gaztelekuak kudeatu, besteak beste.

Lanpostu eskaintza zabaldu du Aisibiziak

Kaleratzea egikaritu eta hurrengo egunetara, Aisibizia Elkarteak lan-eskaintza bat zabaldu du udalerriko gaztelekuen zerbitzurako: koordinadore bat eta 3 dinamizatzaile.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun