Konpartsek berretsi egingo dute bihar, eguenean, "gure herriak txerriaren inguruan duen ohitura berreskuratu eta tokiko ekoizpena zein elikadura-eredu berri baten aldeko apustua". Ohi bezala, San Nikolas elizaren ingurua dinamizatuko dute, Areatzako eta Plaza Barriko postuek emango duten nekazaritza-eskaintza osatuz. Gainera, eguneko zozketarako zenbakia salgai izango dute bertan, Bilboko Konpartsen egutegiagaz batera.
Zozketan parte hartzeaz gainera, hormako egutegia "Aste Nagusiaren irrika lasaitzeko" baliagarri egingo dute konpartsek; ez da ahaztu behar 40. urteurrena beteko duela hurrengo edizioak. Zozketako dirua emango diote Tosu Betirako ekimenari, "Getxo udalerriko Tosu estratan ortu kolektiboa eta Lehen Sektorea defendatzen dituen erresistentzia-kanpaldiari".