Saioa Agirre da Getxoko kirolari onena, berriro ere

Iker Rincon Moreno 2018ko urt. 10a, 18:08
Atzoko talde-argazkia. © GETXOKO UDALA

Saioa Agirre Elordui gimnasta iazko Getxoko kirolaririk onena izendatu zuten berriz ere atzoko Getxo Sasoi Sasoian Kirolaren Galan; hala, 2015ean lortutako titulua berretsi du.

"Hamaika kirol 11garren edizioan" goiburupean, ekitaldia ospatu zen lehenengo aldiz Olatuan, Kirol Portuko itsas-bidaietako ontzien terminal berrian. Iaz denboraldi aparta egin ondoren iritsi zaio gimnasta getxoztarrari kirolari onenaren saria. Izan ere, Espainiako txapeldunorde izan da (banakako absolutuan, uztaian eta zintan, denak lehen mailakoak) eta Euskadiko txapeldun, absolutuan eta aparatuetan (uztai, mazo, pilota eta zintan), maila nagusian ere.

Getxo Sasoi Sasoian sariketa Getxoko Udalak eta Getxo Kirolak kirol-erakunde autonomoak antolatzen dute; bertako epaimahaiak aho batez izendatu du Saioa Agirre 2017ko kirolari getxoztar onena. Gainontzeko lau hautagaien aurretik geratu da: Eunate Etxebarria judoka, Espainiako haur Txapelketan urrezko domina, 63 kilogramoz azpikoan; Ibon Martínez saskibaloiko jokalaria, Europako txapeldun 20 urtez azpiko gorren mailan; Nikolay Sena patinatzailea, urre eta brontzea Freestyle Irristaketako Espainiako junior Txapelketan; eta Eneko Van Horenbeke arraunlaria, traineruen TKE ligako eta Espainiako eta Euskadiko txapelduna. Horiek ere, banakako sari bana jaso zuten.

Agirre, ekitaldia amaitutakoan, hunkituta agertu zen; sinestezin egiten zitzaion saria bigarren aldiz lortzea. Amaiera bikaina izan da saria bere denboraldirako, "asko gozatu dudan arren, lan eta entrenamendu ordu asko izan direlako. Iaz bigarren geratu naiz nazio mailako 18 gimnasta onenen artean. Aurten, kanpora gehiago ateratzea espero dut sariketa eta txapelketetan parte hartzeko, nazioartean nire maila non dagoen jakiteko", aipatu zuen.

300 pertsona baino gehiago batu ziren, tartean, kirol-elkarteetako ordezkariak, udal-agintariak, eta kirolarien lagun eta senideak. Imanol Landa alkateak esker on zintzoena eta bere aitortza helarazi zizkien kirol-elkarteei euren lanarengatik, gizartean eragin handia duen lana "agente giltzarriak baitzarete osasuna ez ezik, gizarteratzea, berdintasuna, euskara eta ekonomia sortzea bezalako garrantzi handiko bestelako politikak ere sustatzeko", esan zuen Landak, kirolari eta kirol-elkarteei zuzenduz. Horren harira, aurtengo ekitaldia Olatuan egin izana nabarmendu zuen, haren iritziz "kirola, turismoa eta bertako ekonomia sustatzeko aukera eskaintzen duen eremu berria. Era horretan, beharbada, kirol getxoztarrak berezko duen izaera geldiezin, berritzaile eta irekiari erregutuz, hainbat poztasun eman digun eta, zalantzarik gabe, gerora ere emango digun kirola delarik”.

Taldekako sariak

Galan, Udalak taldekako hainbat sari ere eman zituen. Horrela, gizonezkoen junior mailan, "Getxo Kirol Berriak” saria Club Tenis Fadurak jaso zuen, 1. mailara igotzeagatik eta Espainiako 2. mailako kategoria absolutuko txapelagatik; eta emakumezkoen junior mailan, Getxo Arrauneko skull bikoitzarentzat izan zen, Maialen Ezkurra eta Oihane Pardok osatutakoa, Espainiako Txapelketan lortutako zilarrezko dominagatik. Senior mailan, bestalde, saria emakumezkoetan Aixerrota Boleibol Kirol Taldeko Maider Santxo eta Katalin Garcíak osatutako bikoteak jaso zuen, Espainiako 19 urtez azpikoen Txapelketako zilarrezko dominagatik; eta gizonezkoetan, Arenas Club gazte-taldearentzat izan da, Ohorezko Mailara igotzea lortu baitu.

Sari bereziak

Sari bereziei dagokienez, bestelako gaitasunak dituzten kirolariei zuzendutako “Marka Hautsiz” saria Ibon Martínez saskibaloiko jokalariak eskuratu zuen, 20 urtez azpiko gorren Europako txapeldunak. Emakumezkoen kirolaren alde egindako lana aitortzen duen  “Berdintasuna indartuz” saria Romo Eskubaloi taldearentzat izan da oraingo honetan. Mito den kirolariaren “Aitzindaria” saria Jorge Camiñarentzat izan da; gaur egun teniseko munduko onena da 70 urtetik gorakoen mailan eta Municheko Olinpiadetan diploma irabazi zuen belar hockeyan. “Kiroltasuna” saria José Angel Ortega “Kali”-rentzat izan da, Arenas eta Romo klubetako fisioterapeuta eta masajista. Getxo “Berrituz” saria, kirol-jardueran berritzaile izan denari, Bizkerre Futbol Taldeak jaso du, Euskadiko Gestio Aurreratuarekiko konpromisoagatik diploma lortu duen lehen futbol-taldea eta arlo horretan “Brontzezko A” aitorpena jasotzeko hautagaia. Azkenik, Getxogaso enpresak hartu zuen “Getxo Zabala” saria, emakumezkoen Bizkerre babesteagatik.

Saioa Agirreren berbak (© GETXOKO UDALA)

Erlazionatuak

Saioa Agirre da Getxoko kirolaririk onena

Iker Rincon Moreno 2016 urt 13 Getxo

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun