Gazte bat atxilotu dute Getxon alkoholaren eraginpean gidatzea egotzita

Iker Rincon Moreno 2018ko urt. 12a, 11:53

Getxoko Udaltzaingoak 20 urteko gazte bat atxilotu zuen atzo, eguenean, bide segurtasunaren kontrako delitua egitea, alkoholaren eraginpean gidatzea eta etilometro-froga egiteari uko egitea egotzita.

Udal iturriek jakinarazi dutenez, atzo, 06:00ak aldera, ibilgailu batek talka egin zuen Algortako Salsidu kaleko eskailera mekanikoen kontra. Azaldu dutenaren arabera, badirudi autoaren gidariak kontrola galdu, errepideko eskuineko aldean zeuden edukiontzien kontra joan eta eskailera mekaniko bategaz talka egin zuela.

Edari alkoholikoen eraginpean egotearen seinaleak atzeman zizkioten udaltzainek 20 urteko gidariari, eta alkoholaren froga egiteko eskatu zioten. Iturriek azaldu dutenez, gazteak uko egin zion horri eta bide segurtasunaren kontrako delitua egitea egotzita atxilotu zuten.

Polizia-eginbideak bideratzen ari dira eta Getxoko Guardiako Epaitegira bidaliko dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun