Delegazioak aztertuko du Richar Nelson Sierra giza eskubideen aldeko aktibistaren egoera; Sierrak erasoak eta jazarpena pairatu zituen bere herrian, lurralde-defentsaren alde eta bere komunitatearen giza eskubideen alde lan egiteagatik. Hori dela eta, Euskal Herrira etorri zen iaz, bere herrian heriotza-mehatxuak jasan ondoren, baina daborduko Kolonbiara bueltatu da. Hala, ordezkaritzak ikuskatuko du nola gauzatu den Kolonbiara itzultzeko fasea, eta bere bizitzarentzako arriskuak jarraitzen duen. Modu berean, babes instituzionala erakutsiko die oraindino ere aktibismoaren ondorioz eta funtsezko eskubideen urraketak salatzearen ondorioz jazarrita segitzen duten pertsona denei. Horretarako, elkarrizketak izango dituzte ordezkari instituzional eta politikoakaz, bake-prozesuaren aurrerapenak ikusteko.
"Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak 70 urte beteko ditu aurten. Ordutik hona gizarte justuago, askeago eta baketsuago baterako zutoinak eraiki ditugu. Baina mehatxuek bere horretan darraite, eta Kolonbia horren lekuko argia da”, adierazi du Iñigo Iturrate legebiltzarkide jeltzaleak. Herri horretan, iaz, giza eskubideen 170 defendatzaile eta lur-eskatzaile hil zituzten, inpunitate osoz. Gertakari hori larria dela gaineratu du algortarrak, eta horrek arreta, lana eta ahalegina merezi duela berretsi du. "Gure eskubideen alde borrokatu beharra daukagu, baina baita gainontzekoen eskubideen alde, gure alboan bizi direnen eskubideen alde, eta hemendik kilometro askora daudenen alde ere bai. Kolonbiara gatoz Richar Nelsonen egoera pertsonala ezagutzeko, baina baita konpromisoz jarduteko eta kontzientzia hartzeko. Ordezkaritzak hainbat topaketa egingo ditu erakundeakaz, ordezkari politikoakaz, diplomatikoakaz eta gizarte eragileakaz. Topaketa horietan Giza Eskubideen Defendatzaileak Babesteko Euskal Programa ezagutzera emango dute, eta prebentziorako, laguntzarako eta babeserako mekanismoak indartzea eskatuko diete.
Bake-prozesua Kolonbian
Misioak Kolonbian izango dituen elkarrizketek balioko dute lehen eskutik ezagutzeko bake prozesuaren aurrerapenak eta ematen dabiltzan erronka eta zailtasunak. Iturrateren ustez, bidaia hori "aukera paregabea da bake eta bizikidetzaren alorreko esperientziak partekatzeko, jakinda Euskadiko eta Kolonbiako egoerak erabat desberdinak direla". Prozesuarekiko EAJren babesa erakutsiko die ordezkari jeltzaleak agintari eta ordezkariei, eta baita arrakasta izateko itxaropena ere. "Kolonbia atzean uzten dabil mende erdia baino luzeagoa den gatazka armatua, milaka biktima utzi dizkiguna. Ilusio eta eraldaketa-garaia da orain, eta arazoek elkarrizketa asko, borondate irmoa eta denbora luzea eskatzen dute”. Iturratek espero du elkarrizketari berriro ekingo diotela, eta alde biek, Kolonbiako Gobernua eta Askapen Nazionalerako Armada (ELN) berriro elkarrizketarako aukerak irekiko dituztela, herrialdean bakea finkatzeko.
Hilaren 27ra arte egongo da ordezkaritza Kolonbian, Monika Hernando Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria buru dela. Bertan parte hartzen dute Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako kideek, Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeko parlamentariek eta programa horretan elkarlanean dabiltzan elkarteetako partaideek: CEAR-Euskadi eta Mugarik Gabe.