Zorua berritu dute Gobela kiroldegiko kantxa nagusian

Iker Rincon Moreno 2018ko urt. 23a, 16:59

Kantxa berria. © GETXOKO UDALA

Getxo Kirolak udal-erakundeak zorua berritu du, Gobela kiroldegiko askotariko erabileraren kantxan. 2005. urtean, ekipamendua sintasolagaz inauguratu zuten, eta horren ordez parketaren antzeko zorua jarri dute kantxan. Modu berean, Getxo Kayakaren aldagelak amaitzen dabiltza Arriluzeko Gurutze Gorriaren eraikinean.

Gobelako zurezko lurzoru berriak 1.400 metro koadro baino gehiago ditu; kirola praktikatzea errazteaz gainera, hobekuntza ekarri du Getxo Kirolaken erabiltzaileentzat eta kantxa horretan entrenatzen eta lehiatzen diren klubentzat. Lanak abenduaren bigarren hamabostaldian egin ziren, instalazioa erabiltzen duten taldeen jarduna ahalik eta gutxien eragozteko; obraren kostua 113.000 eurokoa izan da.

Álvaro González Kirol zinegotziak ondorengoa adierazi du: "Gobelako kiroldegiko kantxaren jatorrizko materialaren balio-bizitza amaitu da, eta egoera hori aprobetxatu dugu Fadurakoagaz parekatzeko. Beste abantaila batzuen artean, lesioak izateko arriskua murrizten du tronadurak, eta Gobelan batik bat entrenatzen diren kirolak (eskubaloia, saskibaloia, areto-futbola eta kirol egokituko hainbat modalitate) praktikatzeko gehien gomendatutako zoladura-mota da".

Inbertsio horrez gainera, Arriluzeko Gurutze Gorriaren eraikineko aldagelak ere eraikitzen dabiltza Getxo Kirolak; bertan entrenatzen da Getxo Kayaka piraguismo-kluba. Obra azken fasean dago, eta 140.000 euroko kostua dauka. Horri esker, klubak aldagela eta zerbitzu berriak izango ditu, gizon zein emakumezkoentzat. Hobekuntza estrategikoa da modalitate eta klubarentzat, oinarrizko ekipamendu horiek izateagaz piraguismoaren praktika sustatu eta oinarrizko kirolaren eskola handitu ahal izango baitira. Arriluzeko lokalen hobekuntza gehitu behar zaie piraguen biltegia egokitzeko iaz Portuko Agintaritzak burututako lanei, Getxo Kirolakegaz sinaturiko akordioari esker.

Kirol-ekipamenduetako inbertsioen eta hobekuntzen zikloari jarraipena emango diote Faduran, laster irekiko den Thinking Fadura parte-hartze prozesuagaz kiroldegian dauden premiak detektatu ondoren.

Kantxa berria (© GETXOKO UDALA)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun