Natalia Monge algortarrak Artez Blai ikerketa-saria irabazi du

Iker Rincon Moreno 2018ko urt. 24a, 12:20

Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolan irakasten du Monjek. © EHU

Arte Eszenikoei buruzko Artez Blai Nazioarteko X. Ikerketa Saria lortu du EHUko doktorea den Natalia Monge algortarrak, "La danza de las emociones de Alain Platel" lanagaz. Sariaren epaimahaiak nabarmendu du Alain Platel Belgikako sortzailearen lanaren analisi artistiko, estetiko, soziala eta zehatza dela. Lan horrek ikertzailea egin zuen tesian dauka oinarria; doktorea izateko, EHUko Bilboko Irakasleen Eskolako irakasleak tesi hori irakurri zuen.

Natalia Mongek Alain Platelen lana ikusi zuen lehenengo aldia School for New Dance Development Amsterdameko koreografoen eskolan ikasten zuen bitartean izan zen. Geroago, pertsonalki ezagutu zuen Belgikako eszena-zuzendaria Les Ballets C. de la B. konpainiaren "Circus Wonder" ikuskizunean; Alain Platel "adviser" rola betetzen zuen. Horren ostean erabaki zuen Mongek doktorego tesia Alain Platelen obren inguruan egitea; ikerketarako egindako hainbat bidaietan bera ezagutzeko aukera izan zuen. “Pertsona bikaina da, aldi berean sublimea eta umila”, dio ikertzaileak.

"La danza de las emociones de Alain Platel" lana Mongeren doktore-tesiaren moldaketa da; idatziaren alderdi akademikoak kanpoan utzi ditu arte eszenikoetan interesatuak diren pertsonei heltzeko. Eta ikerketa hori da epaimahaiak (Guadalupe Soria, Fernando Gómez Grande, Joanna Gdowska eta Manuela Verak osatutakoak) hautatu duena, Alain Platel Belgikako sortzailearen lanaren analisi artistiko, estetiko, soziala eta zehatza delako. Epaimahaikideek nabarmendu dutenez, "dokumentazio eta gogoeta laburren bidez, irakurlearen interesa pizten du". "Teoria eta Praktika" bildumaren barruan argitaratuko du lan sariduna Artez Blai kultur elkarteak.

Natalia Monge EHUko Arte Ederretan doktoreak Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolan irakasten eta ikertzen du; Musika, Plastika eta Gorputz Adierazpidearen Didaktika Sailean, hain zuzen. Emozioen adierazpena lantzen du dantzaren bidez, bai hezkuntzan, bai esparru eszenikoan. Halaber, irakasleak 2002an sortutako Organik dantza-antzerkiko konpainia ere zuzentzen du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun