Elkarrekin Podemosek Espainiako Kongresuan egiten duen lana azalduko dute Itzubaltzetan

Iker Rincon Moreno 2018ko urt. 25a, 16:53

Rosa Martínez Rodríguez Espainiako Kongresuko diputatuak Elkarrekin Podemos koalizioak egindako beharraren berri emango du gaur arrastian Itzubaltzeta/Romoko Ahal Duguren egoitzan, 19:00etatik aurrera. Izan ere, kafe-berbaldi zikloa antolatu du Getxo udalerriko Ahal Dugu alderdiak eta Martínezek estreinatuko du.

Rosa Martínez Equo alderdi ekologistaren eleduna da, Juan López de Uraldegaz batera, eta Batzorde Exekutibo Federaleko kidea. 2011n Equoren Bizkaiko koordinazio-mahaian sartu zen eta urte bat beranduago EAEko hauteskunde autonomikoetarako Equoren zerrendaburua izan zen Bizkaitik. 2014an, Europako Legebiltzarrerako zerrendan aurkeztu zen eta alderdiko ardurak hartu zituen Estatu espainiarreko mailan. 2015eko eta 2016ko Espainiako hauteskundeetan diputatu hautatu zuten Bizkaitik, Ahal Duguren eta Unidos Podemosen zerrendetan, hurrenez hurren.

Espainiako Kongresuan Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Batzordeko bozeramailea da. Modu berean, honako beste batzorde hauetan ere badabil: Energia, Turismo eta Agenda Digital, Klima-aldaketaren Azterketa, eta Espainiako Krisi Finantzarioa Ikertzeko eta Laguntza-programarako Batzordea.

Ekimenaren kartela

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun