Bizkaiko ehunka eskautek txukunduko dute udalerria Getxoko Ingurumenaren Egunean

Iker Rincon Moreno 2018ko urt. 26a, 11:36

2016ko jardunaldiaren irudietako bat. © ESKUBELTZ ESKAUT TALDEA

Bizkaiko 200 eskautek baino gehiagok parte hartuko dute bihar Getxoko Ingurumenaren Egunean, zapatuan. Horretan, garbiketa eta landaketa lanak egingo dituzte udalerrian, "Eskautak martxan! Getxorekin bat" lemaren pean. Ekimen hori joan den azaroan egin behar zuten, baina bertan behera utzi behar izan zen eguraldi txarragatik.

Goizean, 14 eta 16 urte bitarteko eskautek Azkorri hondartzaren inguruak garbituko dituzte (landare inbaditzaileak kendu, pinudia garbitu eta apo lasterkariaren habitata babestu) eta zuhaitzak (zume, lizar eta haltzak) landatuko dituzte Gobela ibaiaren ibaiertzetan. Ekintza horren bitartez, Bizkaiko eskautek "kanpora irten nahi dugu, ‘ekin’, ingurumenaz gozatu eta mundua aurkitu dugun baino pixka bat hobeto uzteko aprobetxatu, Bizkaiko hain garrantzitsua den tokian".

Topaketa horrek amaiera emango dio eskaut taldeek aldez aurretik egin duten lanari; bertan bilatzen da gazteak kokatzea hobetu beharreko lekuan eta bertan hausnarketa eta eztabaida eragitea, gizon-emakumeek ingurumen naturalean daukaten portaeraz eta horrek dakartzan ingurumen-ondorioez.

Hori ez da Euskalerriko Eskautak Bizkaia elkarteak honelako ingurumen-ekintza bat antolatzen duen lehen aldia. Azken urteotan Bizkaiko zenbait aldetan aritu dira mota horretako boluntariotza ekintzetan; aurtengoa bigarren aldia izango da Getxon ekintza egiten dena.

Euskalerriko Eskautak Bizkaia 2.000 ume, gazte eta 300 begirale inguru batzen ditu, eta 30 urte baino gehiago daramatza Bizkaian lan egiten.

Aisialdian aritzen den eskaut mugimendua, mundu osoan presentzia duena, pertsona libre eta konprometituak, askatasun eta berdintasunaren alde borrokatzen duten gazteak heztea dauka helburu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun