Alvaro Gonzalez Getxoko Kirol zinegotziak gogoratu duenez, "aspaldi hasi ginen ohitura osasungarriak sustatzen, jarduera fisikoa egitea sustatuaz, baina beste urrats bat eman nahi dugu, bizimodu osasungarria izateko elikadura zaintzea funtsezkoa dela jakin baitakigu. Ildo horretan, baita ere, badakigu Euskadiko haurren herenak gehiegizko pisua edo obesitatea duela eta 3 gaztetatik 2k ez dituela egunero fruta eta barazkiak jaten. Hori dela-eta, Eusko Jaurlaritzako hainbat Sail ekonomiaren eta osasunaren aldetik bultzatzen ari diren ekimenen aurreko gure ekarpena da Getxo Elika".
Getxo Elikak abian jarriko duen lehen ekimena izango da premiak antzeman eta herritarren ongizatean eta sektorean enplegua sortzean modu positiboan eragingo duten irtenbideak proposatzen dituen komunitatea bultzatzea. Horretarako, Fadurako ostalaritza-zentroak komunitate horren eskura jarriko ditu prestakuntzarako gelak, sukaldea eta profesionalak, topaketak eta tailerrak antolatze aldera. Horrez gain, agente ezberdinek ekimenaren esku jarriko dituzten beste espazio batzuk erabiliko dira, eta gune digital bat ere izango da sortzen joango diren esperientzia guztiak partekatzeko.
Getxo Elikaren partaide izan edo informazio gehiago eskuratu gura duten pertsonak edo taldeak harremanetan jar daitezke ekimena bultzatzen duten erakundeakaz kaixo@getxoelika.eus emailez edo www.getxoelika.eus web orrialdearen bitartez.