"Ez aldatu janaria; aldatu platera" lemapean, "Hola" izeneko proiektuak 9.997,57 euro jasoko ditu. Horrek punta-puntako sukaldaritzako teknologia aurkeztu du, hau da, 500etik gora zulo txiki dituen plater bat, elikagaien koipeak bereizi eta xurgatzeko ahalmena duena, gure gorputzak egin behar ez dezan. Ander Méndez eta Aitor Bilbao sortzaileek azaldu dutenez, diseinu-plater horrek daukan mekanismoari esker, olioa xurgatzen du, eta otordu bateko kalorien % 30eraino bereganatu ahal ditu.
Javier Zubeldiak, Markel Herrerok eta Josu Zubizarretak aurkeztutako "Azkona" proiektuak artisau-garagardoa egiteko enpresa bat abiatu gura du, ikuspegi kooperatibista, lokala eta ekologista duena. Enpresa horrek Getxori bere garagardo-kultura aberasten duten hainbat produktu eskaini gura dizkio, baita artisau-garagardoaren munduak eskaintzen dituen zapore eta aroma berrietarako zaletasuna sustatu ere. Proiektua abian jarri ahal izateko sustatzaileek 4.672 euro jasoko dituzte.
"Una noche en el cementerio" izenburuko animazioko film laburra da, Stop Motion teknika erabilita, gizartean plastiko gehiegi erabiltzearen arazoa azaltzen duena eta planetak ezin duela ekoizten dugun guztia barneratu erakusten duena. Adrián Nogalesen proiektua da eta 6.550 euro jasoko ditu.
Alejandra Sainz de la Ricaren "Osasun Fundamentala" tailer dinamikoen eskaintza bat da, doakoa, bi eta bost ordu artekoak, Getxoko ikastetxeetan gazteenen osasun mental eta emozionala landu, garatu eta indartzeko. Ikasleen garapen mailei eta ikastetxeen hizkuntz ereduei egokitutako tailerrak dira, estigmagaz amaitzeko, bizi-ohitura osasuntsuak sustatzeko eta ondoeza prebenitzeko. Azaldu duenez, gure lehen urteak eta nerabezaroa funtsezko etapak dira oinarri osasuntsu bat finkatzeko, bizitzan aurrerago disfuntzionaltasunak agertzea prebenitzeko eta bizitza beteago bat edukitzeko. Horregatik, psikologo gazteak bultzatutako proiektu txiki horrek lehenengo pausua izan gura du gure gorputza mentalki eta emozionalki zaintzean gizartean kontzientzia sortzeko helburuagaz. Proiektu horrek 779 euroko saria jaso du.
Dirutan jasotako saritik aparte, proiektu bakoitzak 10 orduko aholkularitza profesionala jasoko du, bakoitzak aukeratutako eremuan.