Hezeguneen Munduko Eguna ospatuko dute hilabete honetan Boluen

Iker Rincon Moreno 2018ko ots. 1a, 17:04

Bolue hezegunea.

Hezeguneen Munduko Eguna da otsailaren 2a; hori dela eta, Getxoko Udalak hegaztiei eraztuna jartzeko erakustaldi bat antolatu du zapaturako, hilaren 3rako. Hala, Bolueko hezegunea apur bat hobetu ezagutarazi gura du, baita "gune horiek defendatzearen garrantzia nabarmendu" ere.

Jarduera hori Bolue hezegunean bertan egingo da, 09:00etatik 13:30era arte; horren helburua da "planetako ingurumenaren zaintzan" aurrera egitea eta hegaztientzako mehatxuak eta haiek bizirik irauteko beharrezko babes neurriak zeintzuk diren ezagutaraztea. Ekimena eguraldiaren menpe egongo da (euri edo haize zakarra ari badu, bertan behera utziko da).

Getxoko Ingurumen Aretoa

Getxoko Ingurumen Aretoak ere bat egin du aipatutako ospakizunagaz, eta hainbat jarduera antolatu ditu. Hilaren 3an bertan, 10:00etatik 14:00etara, haurrentzako txotxongilo tailer bat izango da, Bolueko hezegunean aurki daitezkeen animalien ingurukoa; birziklatutako materialak erabiliko dituzte horretarako.

Domekan, hilaren 4an, ibilaldi gidatu bat egingo dute hezegunean barrena, inguruko bioaniztasunari buruz gehiago ikasteko, eta, aldi berean, ulertzeko zein eragin izan duen gizakiaren jarduerak (izena aurrez eman behar da). Horrez gain, otsailaren 10erako eta 11rako argazkilaritza rally bat antolatu dute hezegunean, "Bolue neguan" gaia oinarri izango duena. Orientazio jarduera bat da, eta bertan ibilbide bat egin beharko da, hezeguneko zenbait puntutatik igaroko dena. Puntu horietatik hiru hautatu beharko dira argazkiak ateratzeko, eta argazki horiek ingurumen aretoaren posta elektronikora bidali beharko dira: ingurumenaretoagetxo@gmail.com. Parte-hartzaile guztien artean, argazki bat aukeratuko da, eta saria izango da produktu ekologikoz betetako saski bat.

Hezegunearen inguruko ekimenak hilaren 25ean amaituko dira, inguru horrek gidatutako familientzako gymkana bategaz: 10:00etatik 14:00etara izango da. Familiek eta lagun taldeek aukera izango dute inguru hori ezagutzeko aire zabaleko jokoen eta jardueren bitartez. Parte-hartzaileak proposatutako geldialdietan geratu beharko dira, eta horietako bakoitzean proba bat egin beharko dute.

Otsaileko beste ekimen batzuk

Ingurumen Aretoak beste ekimen batzuk ere antolatu ditu, hezegunea protagonistatzat hartzen dutenez gain. Hilaren 17an, artisau-xaboi tailer bat egingo da, helduentzat; hilaren 18an, haurrentzako tailer bat egongo da, poltsa usaintsuei buruzkoa; eta hilaren 24an, "geocaching"a edonorentzat (ezkutatutako altxorrak aurkitzea GPS baten laguntzaz).

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun