Raspas arraun-elkarteak, urre bi eta zilar eta brontze bana eskuratu zituen 2018ko Espainiako Arraun-ergometroko eta Distantzia Luzeko Txapelketetan. Joan den aste-akabuan jokatu ziren Galizian. Arraun-elkartearen arabera, "Estatuko txapelketa horietara joan diren Raspaseko bost arraunlariek lehiaketa aparta jokatu dute; izan ere, bertan parte hartu duten euskal taldeen artean onena izan baita".
VIII. Distantzia Luzeko Txapelketari dagokionez, domekan jokatu zen Castrelo de Miño herrian (Ourense), eta Raspaseko ordezkarietako bi igo ziren podiumera, emakumezkoen 1x absolutuaren kategorian: Virginia Díazek urrezko domina kolkoratu zuen, 22.54,38 denbora eginez; eta Yanka Vieirarentzat izan zen brontzezkoa, 24.07,29 markagaz. Zilarrezkoa Sevillako Club Náutico taldeko Rocío Laok eskuratu zuen (23.51,78).
Aurreko egunean, zapatuan, dominadun berberak izan ziren: Virginia Díaz eta Yanka Vieira. XVII. Arraun-ergometroko Txapelketa Ribadavian jokatu zen. Virginia izan zen txapelduna, absolutuetan, bere marka pertsonala hautsita gainera, 06.53,8 denborarekin; zilarrezkoa Yankarentzat izan zen 07.12,3 kronoagaz; eta brontzezkoa Sevillako Club Náuticoko Clara Palaciorentzat, 07.16,5 markagaz.
Gizonezkoetan ere presentzia izan zuen Raspasek: VIII. Distantzia Luzeko Txapelketan, Asier Larrazabalek bosgarren postu oso txalogarri bat egin zuen skiffeko (1x) gazteen finalean, 22.15,25 denbora eginez. Berrogeita hamar bat arraunlarik parte hartu zuten, eta probako txapelduna Samuel González izan zen, Grupo Corvera elkarteko kidea; bigarren geratu zen Koxme Burutaran (21.49,94), Ur-Kirolakekoa, eta hirugarren Guillermo González (22.04,34), Barcelona Club de Rem elkartekoa. Azkenik, 2- kategorian, gizonezkoen maila absolutuan, Miguel Lekunberrik eta Erik Valcarcek osatutako ontzia hamaikagarren tokian sailkatu zen, kronoa 21.12,22an lotuta. Garaipena, modalitate horretan, Sevillako Club Náuticorentzat izan zen.