Landatutakoen erdia zuhaitz-formakoak dira, 10 zentimetroko perimetroa dutenak; besteak, aldiz, zuhaixka erakoak dira, 70-80 zentimetroko altuerakoak. Horrez gainera, beste 230 unitate, hainbat espezietakoak, landatzen ari dira Iturribarri aldean. Joan den astean ere, Santa Eugenia plazatik kendutako 5 xarmak Aixerrotan landatu zituzten.
Zuhaitzen inguruko ekintzak, 2017an
Iaz hainbat espezietako eta intereseko (bananondo, astigar, akazia, ezki…) 52 zuhaitz, hiri-ingurunekoak batez ere, birlandatu edo ordezkatu ziren. Kasu batzuetan, espezie berekoak landatu eta birlandatu ziren eta, beste batzuetan, espezie desberdinekoak (urki, ereinotz, prunus, masustondo, cersis, eleagnus…).
Zuhaitzak birlandatu edo ordezkatzea eragin duten faktoreak bat baino gehiago izan ziren, Udalaren arabera: haizea (botatzen dituelako), zahartzaroa bera edo gaixotasuna, besteak beste. "Azken faktore horren erruz, esate baterako, 10 zipres (cupresuciparis) ale kendu behar izan dira Algortako etorbidean", azaldu dutenez, eta beste 5 eukalipto ale ere Santa Clara jauregitik; "zuhaitz horiek denek onddo batzuen eraginez kaltetuta zeuden", arduradunen arabera.