"Ez da gutxiagorako, 1987an egindako balorazioa oinarri lan egiten jarraitzen dute eta", deitoratu du EH Bilduk. Langileek salatu dute Uribe Kostako beste udalerrietako udal-langileek baino %10 gutxiago kobratzen dutela, besteak beste. Getxoko EH Bilduk gogoratu duenez, 2016an gobernu-taldeagaz erdietsitako akordio politikoan lanpostuen balorazioagaz hastea jaso zen. Hala ere, balorazioa egiteko lehen oinarrizko urratsak egin diren arren, prozesua erabat geldirik dagoela salatu du koalizio abertzaleak, eta sindikatuek ere bai.
Hori dela eta, udal-langileen aldarrikapena babesten du EH Bilduk, "eta bat egiten dugu abiatu duten dinamikarekin"; izan ere, azaldu dutenez, lanpostuen balorazioa "lehen urratsa izango da" langilearen berregituraketa, lan-eraginkortasuna eta lan-baldintzen eguneraketa gertatzeko. "Balorazioak konponduko du, adibidez, udal-euskaltegiko langileek pairatzen duten diskriminazioa. Lan balorazioa udal-kudeaketaren eraginkortasuna hobetzeko urratsa da. 31 urte igaro dira baloraziorik egin gabe; hala, larritzat jotzen dugu urteetan egon den arduragabekeria eta erantzukizun eza", iragarri dute.