Emakumeak Eszenan zikloak aurrera darrai

Iker Rincon Moreno 2018ko ots. 10a, 11:00

Gemma Martínezek bakarrizketa-ikastaroa eman ostean, Siempre Gila antzezlana sortu zuten Besarkada Federazioa osatzen duten bost antzerki-taldeek. © BESARKADA FEDERAZIOA

Aztiak taldeak "Las herederas" antzezlana aurkeztuko du domeka honetan, otsailaren 11n, Areetako Andrés Isasi musika-eskolan. Hitzordua 19:00etan ipini dute; daborduko salgai daude sarrerak, 3 euroan.

Galdakaoko Aztiak taldearen antzezlan honetan, aitaren hiletan topo egingo dute lau ahizpek. Ondasun materialez gainera, beste zerbait ere jarauntsi dute: urte askotariko mindurak, konpondu gabeko liskarrak, sekretuak, eta sendiaren zauri irekiak. Mertxe Fernández, Virtudes Nogales, Altami Torres eta Begoña Ibáñez artistek osatzen dute Aztiak taldea; Felipe Cuétara da zuzendaria.

Andreek sortutako antzerkia taulara!

Emakumeak Eszenan antzerki amateurraren zikloak dozena bat urte beteko du aurten; hala ere, Besarkada Federazioko kudeatzailea den Maria Urcelay Egiak aitortu duenez, aurretik ere taularatzen zituzten andreek osatutako taldeen obrak, Emakumeen Bideak egitasmoaren barruan. "Getxoko Antzerki Eskola zen proiektu horren arduraduna. Hori amaitu zenean, parte hartzen zuten konpainiek federazioa osatzea erabaki zuten eta euren kontura hasi ziren antzerki-zikloa antolatzen. Gutxi gorabehera, orduko zirkuituaren irizpideak mantendu egin zituzten; baina, eurek gestionatuta eta zuzenduta", azaldu du emakume-antzezlarien koordinatzaileak. Orduan bezala, gaur egun bost antzerki-taldek osatzen dute Besarkada Federazioa: Aztiak (Usansolo), Burbujas (Bilbo), Hamaika (Arrigorriaga), Luna Llena (Bilbo) eta Totum (Bilbo). "Urtero seigarren konpainia bat gonbidatzen dute", Urcelayk gaineratu duenez. Aurten Gernikako Xankore taldea igoko da ekimenean parte hartzea hitzartuta daukaten udalerrietako agerlekuetara. Astrabuduko Josu Murueta kultur etxea eta Areetako Andrés Isasi musika-eskola Emakumeak Eszenak zikloaren ohiko agerlekuak dira.

Ekimenaren hamabigarren edizioak dakartzan berrikuntzei dagokienez, Besarkada Federazioa osatzen duten bost antzerki-talde amateurrek "urtero lan berri bat plazaratzeko konpromisoa" daukatela adierazi du Urcelayk. Beraren berbetan, "hori berrikuntza handia da eurentzat, urtero ideia berri bat pentsatzea eta hori jorratzea dakarrelako; kontuan hartu behar dugu emakume hauek ez daukatela askotan entseatzeko denborarik. Ez dira profesionalak". Federazioko kudeatzailearen ustez, "konpainia denentzat erronka handia da urtero antzezlan bat plazaratu behar izatea". Antzerkigintza amateurrean dabiltzan emakumeen lana ezagutzera emateaz gainera, formakuntza ere bada Besarkadaren beste helburuetako bat. Urtero ikastaro bat egiten dute eta arte eszenikoen hainbat alor jorratzen dituzte: kale-antzerkia, mugimenduen bitarteko espresioa... Urcelayk azaldu duenez, duela urte bi Aristofanes greziarraren idazkietan oinarritutako Las Lysistratas muntaia sortzeko aukera izan zuten, Hortzmuga taldeagaz egindako ikastaro bati esker. "Bost antzerki-taldeetako aktoreak batu egin ziren, hamabi edo hamahiru, eta estreinaldia Bilboko Arriaga Antzokiko gelatxoan egiteko aukera izan zuten", aipatu du Besarkadako koordinatzaileak. Gaineratu duenez, "esperientzia horri esker, urtero-urtero elkarregaz antzezlan bat egiteko grina piztu zitzaien". Hala, iaz Gemma Martínez aktore eta zuzendariari egokitu zitzaion bakarrizketa-ikastaroa ematea. Kurtso horretatik sortu zen Siempre Gila egiteko ideia, umoregile handia zenari omenaldia egiteko asmoz. Getxon eta Erandion iaz egon zen aipatutako lana ikusteko aukera; aurten, urtarrilaren 13an, Berango Antzokian taularatu dute.

Ahalduntzea

Besarkada Federazioko kudeatzailea den Maria Urcelayk nabarmendu duenez, "konpainia hauetako kide diren emakumeek egiten dute antzezlana aurrera ateratzeko egin beharreko lan dena: ideiak, jantziak, produkzioa...". Beraren ustez, neurri batean ahalduntzeko aukera ematen die. "Adineko emakumeak dira ia gehienak eta afizioz egiten dute antzerkia; euren bizitza eta lana dauzkate. Hala ere, antzerkigintzak lekua dauka euren eguneroko jardueran; horri eutsi gura diogu", azaldu duenez. Eten barik trebatzen jarraitzen dute, "gero eta kalitate handigoko obrak eskaintzeko asmoz".

Ikusleei dagokienez, besteak beste, Areetako Andrés Isasi musika-eskola bete egiten da, Emakumeak Eszenan zikloko saioren bat dagoen bakoitzean. Urcelayk azpimarratu duenez, "gero eta heterogeneoagoa da publikoa: lehen, emakume gehiago etortzen ziren antzezlanak ikustera; orain paretsu dabiltza gizonezkoak eta emakumezkoak". Adinari begiratuta, Besarkadako kudeatzailearen arabera jende gazteagoa hurreratzen hasi da. Bere ustez, hori ona da: "Ez dugu egin gura adin-tarte konkretu batentzako produktu bat; jende denarentzat egin gura dugu". Bitartean, aipatutako antzerki-taldeek jendea "harritzeko" gaitasuna daukatela adierazi du Urcelayk: "Umoreaz gainera, gauza sakonagoak egiten dakite; ikusleek askotan ez dakite zer aurkituko duten".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun