Aurten 12 urte beteko dituen programa honen helburua da 0 eta 12 urte arteko umeak, euren gurasoak eta senideak euskarara hurbiltzea; hau da, ez dakitenek jakitea eta dakitenek erabiltzea. Horretarako, mota desberdinetako jarduerak egiten dituzte urtean zehar, beti ere, umeen gurasoek euskara erabiltzeko eta familiak euskarazko jardueretan ondo pasatzeko. Sendi Getxoko Udalaren eta Egizu euskara elkartearen arteko lanaren fruitua da eta gurasoen, ikastetxeen eta guraso-elkarteen konpromisoa eta laguntza dauzka. Datozen hilabeteotan izango diren berritasunen artean, 0-18 hilabete arteko umeentzako saioak egongo dira eta Ustruku taldea berriro martxan ipiniko dute.
Olgetan Euskaraz
Une honetan, Olgetan Euskaraz izeneko ekimeneko taldeak osatzen dabiltza. Bi eta bost urteen arteko umeei eta euren gurasoei zein etxekoei zuzenduta, euskaraz jolasteko eta kantatzeko gunea eskaini gura du ekimenak, dinamizatzaile baten laguntzagaz, hainbat taldetan elkartuta.
Bestalde, urtero bezala, datozen asteotan tailerrak, irteerak eta berbaldiak ere egongo dira. Informazio gehiago nahi dutenek www.egizu.eus webgunean aurki dezakete.
Proposamen berriak
Udaberrirako 0-18 hilabeteko umeak dauzkaten familientzako saioak prestatzen dabiltza sustatzaileak, ahozkotasunagaz lotutako baliabideak lantzeko; hau da, ume-hizkera, altzoan jolasteko zein lokartzeko kantuak, esamoldeak… Bide batez, gurasoen arteko harreman-hizkuntza euskara izatea gura dute, sareak zabaltzeko.
Bestalde, irailean Ustruku taldea martxan berriro jipintzeko asmoa daukate. Ahozkotasuna lantzeko taldea da; edozein adinetako umeek, gurasoek eta aitita-amamek parte hartzen dute, aho-korapiloak, esku-jolasak, asmakizunak, txisteak, tradiziotik datozen kantuak konpartitzeko.
2017ko datuak
Iaz 750 lagunek baino gehiagok hartu zuten parte Sendi programaren barruan antolatutako jardueretan. Hain zuzen ere, Olgetan Euskaraz ekimenean 64 familiatako 151 pertsonak hartu zuten parte, zazpi taldetan banatuta, hamar astez. Bestalde, urtean zehar 29 jarduera desberdin ere egon ziren; horien artean, irteerak, tailerrak, egun-pasak, bisitak, jolasaldiak, ahozkotasuna lantzeko saioak, berbaldiak, eta abar.