Sexu-aholkularitzagaz jarraituko dute Getxon

Iker Rincon Moreno 2018ko ots. 13a, 17:39

Algortako Martikoena kaleko 16 zenbakian dago bulegoa. © GETXOKO UDALA

Getxoko Udalak urtebetez luzatu du sexologiari buruzko informazioa eta aholkularitza emateko bulegoa kudeatzeko zerbitzua, ia 10.000 euroko zenbatekoan.

Gazteei eta, orokorrean, herritarrei zuzendutako sexu-informaziorako bulegoa da sexu-izaeragaz zerikusia daukaten gaiei buruzko hausnarketa argitzeko edo garatzeko tokia. "Oso garrantzitsutzat jotzen dugu zerbitzu hau egotea, herritarrei ematen baitie sexu-bizipenei lotutako gaiei buruzko laguntza, artatutako pertsonen bizi-kalitatea hobetzea eragiten duena. Garrantzitsua da osasun-zentroek zerbitzu honen bitartez eskaintzen den sexu-arreta emateko lana ezagutzea. Aldi berean uste dugu oso garrantzitsua dela gazteek Zerbitzuaren berri izatea, askatasun eta lasaitasun osoz bertaratzeko, edozein zalantza edo galdera argitu ahal izateko”, azaldu du Berdintasuneko Zerbitzuko zinegotzia den Keltse Eigurenek.

2017ko balantzea

Iaz, bulegoak 71 kasu artatu zituen eta, beste lan batzuen artean, bere zeregina aurkeztu zien udalerriko hiru (Alango, Bidezabal, Areeta) osasun-zentroetako sendagileei, euren lanaren berri eduki dezaten. Artatutako kasuetatik, 42 (7 bikote, 16 emakume eta 12 gizon) bulegoan bertan izan ziren eta 29 telefonoz edo helbide elektronikoz; azken horiek beren identitatea sekretuan gordetzea nahiago izan zuten. Zerbitzua eskatu zuten pertsonen gehiengoa 25 eta 45 urte artekoa izan zen, eta kontsulten %70 bikoteen harremanei buruzkoa izan zen. 

Iaz sexu-informaziorako bulegora jo zutenen %80k arazoak eragindako antsietatea gainditu zuen, prozesu sexologiko ona burutu ondoren, eta %70k adierazi zuen bere bizi-kalitatea, neurri handi batean, hobetu zela egindako prozesuan. 2017an kasuen %40 lagunen gomendioen ondorioz heldu ziren bulegora eta %35 osasun-zentroetatik bidalita.

Harremana bulegoagaz 

Sexu-informaziorako bulegoak datozen hilabeteotan sustatuko du beste udal-sail batzuekaz elkarlana, bereziki gazteakaz lan egiten dutenakaz, doan eskaintzen duen zerbitzua errazteko. Martikoena kaleko 16 zenbakian dagoen bulegoa martitzenetan zabalik dago, 17:00etatik 20.00etara. Telefonoz 944 660 137 zenbakira deituz edo sexuinfo@getxo.eus helbide elektronikora idatziz ere jo daiteke bertara.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun