Antzezlan honek Miguel Primo de Riveraren diktaduraren eta 36ko Gerraren arteko garaira eroaten gaitu, 1923tik 1936ra; Gipuzkoako Goierrin bizi ziren sendi biren bizimodua islatzen du. Garaiko historiara hurbiltzen gaituzten bideoen laguntzagaz, orduko nekazari-bizitza, auzolana, euskal kulturaren eta hezkuntzaren egoera, elizaren eragina gizartean, egoera sozial eta politikoa… taularatzen dituzte Segurako antzerki taldeko hamasei aktoreek, modu atsegin eta dinamikoan. Horretan, lagungarria suertatzen da Karlos Gimenez musikariak sortu dituen piezak.
Antzezlanean gertaera historiko esanguratsu bat azpimarratzen da: 1931n, Espainian Bigarren Errepublika aldarrikatu eta berehala, Bizkaiko lau alkatek, horien artean Jose Antonio Agirre orduko Getxoko alkatea, euskal udalerrietan bultzatu zituzten mozioak. Mozio horietan Euskal Errepublika eta autodeterminazio eskubidea aldarrikatzen ziren.