Gaur egun ezinezkoa dirudien arren, aspaldi hariztiz eta artadiz inguratuta zegoen Getxo. Hala ere, azken urteotako urbanizatze-prozesuek eta jarduera ekonomikoek zuhaitz-multzo horiek denak desagertzea eragin dute. Hala, gaur egun, haritzen (Quercus robur) zein arteren (Quercus ilex) bat edo beste ikus daiteke inguruotan, parkeetan, zelaietan edo lorategietan, baina isolatuta. Dena dela, aitortu beharra dago dibertsitate handia dagoela udalerrian, zuhaitz-espezieei dagokionez.
Basozaleak elkarte mikologiko eta botanikoak aniztasun hori batu gura izan du; horretarako, Angel Asensio, Enrique Elexpuru eta José Luis Ugartetxe adituek Zuhaitzak eta zuhaixkak Getxon liburua argitaratu dute oraintsu. Udalerrian aurki daitezkeen 173 zuhaitz-mota batu dituzte, «ezin izan ditugu denak bildu, baina denaren %90 katalogatu dugula esango genuke». Gainera, horietako bakoitzaren hiruna argazkigaz osatu dute informazioa, enborra, lorea eta fruitua zelakoak diren azaltzeko.
Modu berean, espezie bakoitza kale-izendegi batean eta GPS kode baten bidez lokalizatu dute, interesa duenak arbola hori zehazki non aurki daitekeen jakin dezan. Gura dutenek gida hori eros dezakete Algortako Aldai Patronatuan, 5 euroren truke: «Gure helburua da jendeak gida hau erabiltzea». Horrez gainera, azaldu dutenez, elkarteak bulegoko ateak zabalik ditu edonork edozein galdera egiteko, astelehenetan eta eguenetan, 19:00etatik 20:30era.
Adituek diotenez, askotariko zuhaitzak aurki daitezke udalerrian, bertokoak zein exotikoak. Horietako asko toxikoak izan daitezkeela ere ohartarazi dute, «Gobela kalean, berbarako, heriotzorriak (Nerium oleander) topatu ditugu eta munduko landarerik toxikoenetarikoa da». Auzoz auzo, lurraren ezaugarriek eragiten dute espezie bat edo beste egotea. Hala, Areeta eta Gobela aldeetan, ohikoa da pinazi pinuak (Pinus pinea) ikustea, horiek erabili baitziren antzina inguru horretako hareatzak trinkotzeko. Zugatzarten, aldiz, askotariko ezkiak topa daitezke, pasealekuan. Neguri eta Aiboa inguruetan makal mota ugari dago, bertako lur pisutsuan ez delako bestelako zuhaitzik hazten. Hala ere, Jolaseta ondoan izugarrizko zedroak (Cedrus atlántica) ere ikus daitezke. Algortan, berriz, nahasketa handia dagoela azaldu dute adituek; askotariko akaziak, hala nola zur beltzekoa (Acacia melanoxylon) eta mimosa (Acacia dealbata), eta palmondoak nagusitzen dira bertan. Andra Mari aldean, ostera, pagoak (Fagus sylvatica) aurki daitezke, baita hainbat pinu mota ere; azken horiei dagokienez, Galea inguruan dauden pinudiak gaixorik daudela ohartarazi dute adituek. Ereaga aldean, berriz, milazka (Tamarix gallica) da zuhaitz tipikoena; hala ere, Australiatik etorritako pika-pika zuhaitza (Lagunaria patersonii) nagusitu da.
Basozaleak elkarteko kideek azaldu dutenez, Getxoko klimak eragiten du dibertsitate hori dena egon ahal izatea. «Hezeguneak eta itsasoaren ingurunea ere baditu, eta horri esker udalerria ezin hobea da zuhaitz espezie ugari garatzeko».
Estetikan oinarrituta
Getxoko Udalak bertoko zuhaitzak landatzeari ekin dio azkenaldian. Hala ere, oraindino horiek gutxiengoa direla ohartarazi dute liburuaren egileek: «Lorezaintzan bilatzen dena ikusgarritasuna da. Lorategietan aniztasuna eta mutanteak nagusitzen dira». Dena dela, gure mendian aurki daitezkeen ezki hostozabalek (Tilia platyphyllos), ezki hostotxikiek (Tilia cordata), haritzek (Quercus robur), lizarrek (Fraxinus excelsior), haltz beltzek (Alnus glutinosa) eta haginek (Taxus baccata) ere osatzen dute udalerriko paisaia.
Ehun urtetik gorako zuhaitzak
Udalerrian landatuta dauden zuhaitz gehienak berriak eta gazteak diren arren, badaude ehun urtetik gorakoak ere. Berbarako Algortako Ollarretxe kalean, nabarmentzekoa da tanatorioaren aurrean dagoen sekuoia handia (Sequoiadendron giganteum). Andra Mariko hilerriaren ondoko parkean dagoen artea (Quercus ilex) ere oso zaharra dela uste dute adituek, baita Jolasetako zedroa ere, «zuhaitz horien handitze-prozesua oso geldoa da, eta horiek oso handiak dira». Hori dela eta, arbola horien denen garrantzia nabarmentzea gomendatu dute Basozaleak elkarteko kideek, «daukaguna babestu behar dugu, penagarria litzateke ondare hori dena galtzea».