Uda aurretik lehen ahalegina egin genuen Algortako jaietan baserriko produktuekin bazkari bat antolatzeko, baina inertziak inertzia, ez genuen lortu.
Oraingoan azokak antolatzeko proposamena dakarkizuegu. Getxon, hilean behin, auzoz auzo eta herriko hainbat arlotako eragileekin elkarlanean dinamizatu ditzakegu ekonomia eta herritarron arteko sareak, euskarari lehentasuna emanda. Honela irudikatzen ditugu azoka horiek:
Eskualdeko produktu osasungarriekin, ekologikoekin edo horren bidean dauden ekoizleek ekarritakoekin. Ingurumena errespetatzen dutelako, elikadura bizitzaren oinarrian jarrita, gure eskualdeko ekonomia garatzeko bidea ere izango dena.
Herriko artisauek eta artista kolektiboek ere euren lana plazaratu, saldu eta jakintza konpartituko dute plazan.
Trukeak eta berrerabilpenak espazioa izan behar dute bertan, “erabili eta bota” kulturari alternatiba izan, ikastetxeetako guraso elkarteekin landuta, eta umeak inplikatuta.
Kultur adierazpenetarako tartea izango dute, musika eta dantza eskolek, besteak beste, euren ekarpena eginda.
Euskara erdigunean ipini, sortzen diren harremanetan hizkuntzaren aldeko sinergiak bultzatzeko.
Kulturartekotasunari bidea zabaltzeko modua ere bada, Getxoko eta eskualdeko bizilagun “berriekin” elkarlanean aritzeko.
Gure herriko plazak zabaldu, adin, zaletasun eta esparru guztietako herritarrek bat egiteko, komunitatea sendotu eta ahalduntzeko.
Azokak salerosketarako guneaz gain bizitzarako espazioak ere badirelako, martxan jar gaitezen.
SINADURA
Rozio Luces Goñi, JaKietan Baserritik dinamikako kidea