Raquel González, Barne Ministerioaren aurka

Iker Rincon Moreno 2018ko ots. 16a, 12:45

González eta Sainz manifestazioaren buruan. © RAQUEL GONZÁLEZ

Raquel González Getxoko zinegotzi eta Bizkaiko PPko presidentea eta Santiago Sainz Getxoko Ciudadanos alderdiko hautetsia manifestatu ziren atzo Bilboko kaleetatik. Biek pankartatik aldarrikatu zuten Espainiako Gobernu popularrak igo diezaien soldata Espainiako Poliziako eta Guardia Zibileko agenteei.

Gainera, Eduardo Andrade Getxoko PPko zinegotzia ere egon zen martxan. Atzoko manifestazioa antolatu zuen Justicia Salarial Policial (Polizia-soldatetan Justizia, Jusapol) elkarteak, Estatu espainiarreko hainbat hiriburutan aurretik egin duen legez. Euren datuen arabera, 2.500 pertsona manifestatu omen ziren atzo Bilbon, tartean Getxoko hiru zinegotziak.

Polizien eta guardia zibilen elkarteak eskatzen du Espainiako Gobernuak euren oinarrizko soldatak ertzainen, mossoen eta hainbat udalerritako udaltzainen pare ipintzea. Euren eskaeren arabera, egungo 1.400 euroko soldata %50ean igo beharko liekete 2020 urtea bitartean. Eskaera horiek Espainiako Barne Ministerioari eta Juan Ignacio Zoido ministroari egin dizkiote; daborduko 175.000 sinadura baino gehiago batu dituzte. Oroitarazi dutenez, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak 2009an agindu zien soldatak parekatzea. Bestalde, Zoidok zabaldu zuen 1.500 milioi euro bideratuko zuela horretarako, baina Cristóbal Montoro Ogasun ministroak aipatutako funtserako aurreikuspena 600 milioira jaitsi zuen. Horregatik, Jusapolek Zoidori leporatu dio gezurretan ibiltzea. Gaia bideratzeko hiru batzarren ostean, elkarteak dio "bileraz bilera nahasmena eragiten" duela Barne Ministerioak. Ostera, Jusapolek Ciudadanosen babesa jaso du.

Egoera horretan, Raquel González agenteen alde agertu da, horiek Estatuko bere alderdikideak kritikatzen dituzten bitartean.

Raquel Gonzálezen txioa

Getxoko Ciudadanosen txioa

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun