Barikuan, hilaren 16an, hil zen Aintzane Agirre Bilbon. 82 urte zituen eta bizirik gelditzen zen Jose Antonio Agirreren hiru seme-alabetako bakarra zen.
Ameriketako Estatu Batuetan (AEB) eta Parisen igaro zuen haurtzaroa eta bertan hezi zen, Agirre lehendakariaren erbestea tarteko. 15 urtez Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Harremanetarako idazkaritza nagusian lan egin zuen, eta EAEren eta diasporako euskal etxeen arteko zubi lana egin zuen.
Eusko Legebiltzarrak bere aitari egin zion omenaldian parte hartu zuen eta haren izenean legebiltzarkideei ematen zaien bereizgarria jaso zuen. Ekitaldi horregaz, Agirreri legebiltzarkide maila onartu zioten sinbolikoki; izan ere, lehendakari izendatu zutenean, ezin izan zuten Legebiltzarra eratu.