"Muga guztiak" gaindituko dituen greba feminista proposatu dute martxoaren 8rako: "gure aldarrikapenak lan-munduaz harago doaz, lanaren kontzeptua birplanteatu nahi dugu eta horretarako zaintza betebeharrei eta kontsumoari lotutako lanuztearen aldeko apustua egingo dugu egungo eredu neoliberal predatzaile, arrazista eta koloniala kolokan jarriz. Bizi dugun lan- eta gizarte-gatazka ez da sekula konponduko ugalketa aferari so egiten ez badiogu".
Azaldu dutenez, hori ez da defentsarako greba huts bat izango: "eredu guztia aldatuko duten proposamen politikoekin aterako gara kalera!".
Zergatik egingo dute greba?
Euskal Herriko mugimendu feministak zabaldutako oharra:
Eredu ekonomiko honek zapaltzen gaituelako:
- Europan emakumeek astero 26 orduz ordaindu gabeko lanak egiten ditugu gizonek 9 ordu egiten dituzten bitartean. Inork aitortzen ez duen lana da, ikusezina.
- Emakumeek lanaldi bikoitz eta hirukoitzak egiten ditugu gizonek eta estatuek ez direlako zaintzaz arduratzen.
- Hego Euskal Herrian gizonek emakumeek baino %35,6 gehiago kobratzen dute, enplegu berdinaren aurrean soldata berdina kobratzea exijitzen dugu.
- Emakumeek lan prekarietate handiagoa jasaten dugu.
- Emakume* langile asko lan erregimen orokorretik kanpo gaude, lan-eskubiderik gabe: etxe barruko langileak, nekazariak, sexu langileak, aniztasun funtzionaladun langileak, langile autonomoak…
- Etxe barruko langileak esklabo gisa bizi gara.
- Gizartean amatasuna goraipatzen da, aldi berean, lan-merkatuan zigortuz.
- Gure pentsioak baxuagoak dira, eta gure zahartzaroa txirotzen dute.
- Pobreagoak gara eta gizarte politiken bazterketak gehiago pairatzen ditugu.
- Emakume* gazteoi formakuntza eta esperientzia gehiago exijitzen zaizkigu baina aldi berean lan-prekarietatea pairatzen dugu.
Indarkeria matxistak jipoitzen gaituelako:
- 2010-2015 urteen artean 33 emakume hil dituzte Hego Euskal Herrian. Eraildako emakume* guztiak falta zaizkigu.
- Sexu-esplotaziorako salerostea: emakumeen eta umeen merkantilazitzearen adierazpena
- Nazkatuta gaude kaleko jazarpena eta sexu erasoak jasateaz eta alor intimoan kontrola, xantaia eta apalkuntza pairatzeaz.
- Beldurrean hezten gaituztela salatzen dugu, gure testigantzak zalantzan jartzen direla eta salatzen dugunean epaituak gara.
- Ez gara erantzuteko gaitasunik gabeko biktima pasiboak.
- LGTBI-fobiak gure biziak estutzen dituzten armairuetan giltzatzen gaitu.
- Indarkeriari aurre egiteko baliabide publikoak ez dira nahikoak.
- Zigor-sistema patriarkala da, eta kartzeletan indarkeria bikoitzari aurre egin behar diogu emakume* izateagatik.
Arrazakeriak akatzen gaituelako:
- Ez ditugu ahazten hainbat arrazoiengatik euren herrialdea utzi dituzten pertsonen bizitzak.
- Emakume* etorkin eta errefuxiatuek mugetan jasaten duten indarkeria matxista eta kriminalizazioa salatzen dugu.
- Espazio publikoa hartzeko dugun eskubidea mugatzen dute gure janzkeragatik.
- Legez kanpoko egoeran gauden emakumeak* eta atzerritarren legea jasaten dugunok bereziki babesgabe gaude indarkeria matxistarekiko.
- Nazioarteko zaintza-sarea osatzen dugu: gure seme-alabak eta adindunak beste emakume* batzuen esku uzten ditugu han, hemen zuenak baldintza oso prekarioetan zaintzeko.
Kultura patriarkalak baztertu, objektu bihurtu eta estereotipatzen gaituelako:
- Historia, literatura eta zientzia liburuetatik ezabatu gaituzte.
- Hedabideek, publizitateak eta sareek objektu sexualtzat gaituzte, kontsumituak izateko prest.
- Genero estereotipoak komunikabideetan, solasaldietan, erakundeetan erreproduzitzen dira.
- Hierarkia katolikoak, Estatuak edo botere ekonomikoek gure gorputz eta sexualitatearen gaineko erabakiak ukatzen dizkigute.
- Politikan, ez gaude eragiteko eta erabakitzeko ahalmena duten eremuetan.