Garbigune Mugikorraren erabilera handitu zen iaz

Iker Rincon Moreno 2018ko ots. 20a, 10:07
Garbigune Mugikorra, artxiboko irudian. © GETXOKO UDALA

Getxoko Garbigune Mugikorraren udal-zerbitzuaren emaitzak hobetu egin dira 2017an: %21 areagotu zen erabiltzaileen kopurua eta %44 baino gehiago bildutako hondakinen kopurua, Emaús Servicios Medioambientales enpresak kaleratutako datuen arabera.

Zerbitzuaren jarduera nagusia da hondakinen bilketa eta gestioa, oso kutsagarriak diren hondakinak eta tamaina ertaineko beste batzuk, ondoren berrerabiltzeko. Zerbitzua 2011n abiatu zen eta dohainik eskaintzen da, behar bezala identifikatu eta egokitutako ibilgailu baten bitartez.

2017an, 10.791 lagun izan ziren zerbitzua erabili zutenak (martxoan, ekainean eta irailean erabili zuten gehien); 2016an, berriz, 8.527 izan ziren erabili zutenak. Garbigune Mugikorrean 92.296 artikulu batu ziren, guztira (2016an, 51.004). Datu hori bildutako kilo kopurura estrapolatu daiteke: 42.886 kilogramo iaz (2016an, 24.418 kilogramo); zenbaki horiek erakusten dute azken urtean zerbitzuak izan duen hazkundea. Emaitza bikain hori, batez ere, Udalak getxoztar denei estaldura handiagoko zerbitzua eskaintzeko 2016an egin zituen hobekuntzen ondorioa da, udal-iturrien arabera: bilketa-puntuak lautik zortzira gehitu ziren; zerbitzua emateko egunak eta arratsaldeko ordutegia ordu erdiz zabaldu ziren; eta informazio-kanpaina bat egin zen, zerbitzuaren ordutegi eta lekuak jakinarazteko. "Hobekuntza horiek, hondakin kutsagarrien bilketa kontrolatua egitearen garrantziaz hiritarrek duten gero eta kontzientzia handiagoagatik egin dira. Garbigune Mugikorrarekin kolaboratzea eskertzen diegu. Getxon, birziklapenaren eta iraunkortasunaren alde finkatu diren helburuak ari gara betetzen, kontrolatu gabeko isurketak saihesteaz gainera, komunitate garbiago bat eta kutsatu gabea mantenduz", adierazi du José Luis Landa Ingurumen zinegotziak.

Utzi daitezkeen gaiak

Garbigune Mugikorrean biltzen diren gaiak produktu oso toxiko eta kutsagarri gisa daude katalogatuta, osasunarentzat edota ingurumenarentzat arrisku–iturri direlako. Bertan utz daitezkeen hondakinak askotarikoak dira: olioak, pintura, laka eta bernizak, izotz-kontrakoak, disolbatzaileak, hidrokarburo hondakinak, plastikoak, iraungitako sendagaiak, hodi fluoreszente eta lanparak, pilak eta bateriak, hondakin elektronikoak, toner/tinta-kartutxoak eta CDak, besteak beste; eta horiez gainera, birziklatu daitezkeen tamaina ertaineko beste hondakin batzuk ere utzi ahal dira (elektratresna txikiak, txatarra elektronikoa...), baita ehunak ere.

Landak gogoratu duenez, Garbigune Mugikorragaz, "ingurune naturalean zein hirian kontrolik gabeko isurketak saihestu nahi ditu Udalak, zaborrak biltzen dituzten ohiko zerbitzuen bitartez kendu ezin direnak; halaber, jendea sentikor bihurtu nahi dugu arazo honekiko, ingurumena errespetatzen duen hondakinen gestioan bere konpromisoa sustatuz".

Hondakinak biltzerakoan, beraien berezko ezaugarrien arabera sailkatzen dira. Kutsatzaile arriskutsuak direnak, baimendutako gestiogileen instalazioetara eramaten dira, ondoren tratatu eta birziklatzeko. Beste batzuk, kutsatzaileak badira ere, Larrañazubiko Transferentzia Gunean gestionatzen dira. Modu horretan ez da kutsatzailerik isurtzen hondakin solidoen bilketako sisteman. Azkenik, berrerabili daitezkeenak (ehunak, apaingarriak, etab.) Emaúseko dendetara iristen dira.

Ordutegia eta kokapenak

Garbigune Mugikorra eguaztenetan Gobelaurre parkean egoten da, 17:30etik 21:00etara; eguenetan, Salsidu-Ollarretxen, 10:00etatik 14:00etara, eta Gernika parkean, 17:30etik 21:00etara; barikuetan, Andra Mari kiroldegian, 10:00etatik 14:00etara, eta Areetako Xake plazan, 17:30etik 21:00etara; zapatuetan, Algortako Telletxe plazan kokatzen da, 10:00etatik 14:00etara, eta Bidezabalgo anbulatorioaren ondoan, 17:30etik 21:00etara; eta domeketan Iturgitxi-Basarraten, 10:00etatik 14:00etara.

Gizarteratzeko eta laneratzeko tresna

Emaús Servicios Medioambientales S.L. enpresak ematen duen zerbitzuak, aldi berean, garrantzi handia du arlo sozialean; izan ere, gizarteratze eta laneratze enpresei zuzendutako laguntza-programaren barruan ematen da, Udalak bultzatuta. Horri esker, gizarte-bazterketa egoeran edo arriskuan dauden langabetuei lana ematen zaie. 2016ko urriaz geroztik, Udalaren koordinazio eta laguntzagaz, zerbitzuari lotutako hiru pertsonari lagundu zaie laneratzeko bidean. Horietako bat lan-merkatu arruntean sartu da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun