Euskaraldia

Euskaraldia ekimeneko jarduerak antolatzeko bilerak egingo dituzte

Iker Rincon Moreno 2018ko ots. 20a, 17:09

Udalerrian euskal hiztunak aktibatu eta euskararen aldeko inertzia positibo berriak sortzeko bilera ireki bi antolatu dituzte Bizarra Lepoan eta Egizu euskara elkarteek, Getxoko Udalagaz batera. Hirurak Euskaraldia ekimena sustatzen ari dira udalerrian.

Lehenengo hitzordua martxoaren 1ean, eguenean, izango da, 19:00etan, Romoko Kultur Etxean. Bigarrena, aldiz, martxoaren 6an, martitzenean, Martikoena kaleko 12 zenbakian, 19:00etan baita ere. Horietan, datorren maiatzaren 24an egingo duten "Egingo al dugu Getxon 24 ordu euskaraz?" egitasmoaz mintzatuko dira. Ondoren, azaroaren akabuan, "11 egun euskaraz" jarduera antolatu gura dute.

Ekimenaren antolakuntzaz eta euskal hiztunak aktibatzeko jolasaz hitz egiteko bilera irekiak izango dira aipatutakoak.

Bultzada getxoztarrak.eus webguneari

Bestalde, bileretan www.getxoztarrak.eus webgunea sendotzeko urrats berriak ematera animatuko dute. Hori Getxoko euskal hiztunon komunitate digitala sustatzeko ekimena da eta horretan izena emateko gonbita luzatuko da bileretan, "11 egun euskaraz" ekimenean parte hartu gura dutenen arteko sarea sortu ahal izateko, eta baita bakoitzak hartuko duen jarrera zehazten joateko ere.

Era berean, webgunea komunikazio tresna bizkor eta bizia izatea gura dute, ekitaldien nondik norakoak azaltzeko eta aktibazio sozialerako prestaketa areagotzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun