Ibetas estratako erreka bat berreskuratzeko auzolana egingo dute domekan

Iker Rincon Moreno 2018ko ots. 21a, 13:12

Ibetas estratan agertutako erreka. © TOSU BETIRAKO

Getxoko Ibetas estrata inguruan sasiak kendu dituzte udal-langileek, bertatik igarotzen den Sarri errekatxoa agerian utziz. Getxoko Auzokideok eta Tosu Betirako plataformek auzolana deitu dute domekarako, inguru hori berreskuratzeko asmoz.

Aipatutako kolektiboek azaldu dutenez, Venancios exekuzio unitatearen baitan, Getxon dagoen azken erreka urbanoaren "suntsipena" planteatzen du Udalak, inguru horretan etxebizitzak eraikitzea aurreikusita dagoelako. "Gure ondare naturalaren aurka doa berriro ere Udala, ur-emaria babesten dituzten legeak hautsiz", deitoratu dute auzokideek.

"Getxon, tamalez, naturari eraso egitea ohitura bihurtu dute", salatu dute. Horren adibide jarri dute Tosu landa, baita Autozinema eta Iturribarri ere. Izan ere, jakinarazi dutenez, leku horietan ur-azpiko urak "suntsitu" dituzte.

Hori dela eta, Sarri errekagaz berdina gerta ez dadin, Getxoko Auzokideok eta Tosu Betirako taldeek auzolana deitu dute inguru hori garbitzeko eta erreka agerian uzteko, "jendeak horren berri izan dezan". Izan ere, diotenez, "erreka baten alboan ezin da edonola eraiki". Auzolana domekan izango da, 10:30ean. Era berean, naturaren zaintzaren ardura duten erakundeei ere egoeraren berri emango dietela iragarri dute, besteak beste, URA eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailari, "euren gelditasuna ez dezaten ezjakintasunez justifikatu".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun