Itsasoen defentsaren alde lan egiten duen nazioarteko taldea da Sea Shepherd. Mugimendu horrek duen flotaren itsasontzirik garrantzitsuenetarikoa da Bob Barker, eta hori Iberiar penintsulan porturatzen den lehenengo aldia izan da oraingoa. Horrek, gainera, historiako itsas-jarraipen luzeenaren errekorra du bere gain: Antartidan modu ilegalean zebilen Thunder izeneko arrantzontzi piratari jarraitu zion, 20.000 kilometroz; Interpol horren atzetik zegoen baita ere.
Martitzen gauean heldu dira Abrarako itsasadarrera, eta eguen goizean porturatu dira Getxoko gurutza-ontzien terminalean. Itsasontzian Sea Shepherd Globaleko arduradunak etorri dira.
Berton dauden bitartean, itsasoaren defentsarako hainbat jarduera egingo dituzte, Bilboko Itsas Museoagaz eta Getxoko Ingurumen Sailagaz elkarlanean. Besteak beste, joan den azaroaren 24an Zarautzeko hondartzan lehorreratu zen bale-kume bat salbatu zuten sei surflariak omenduko dituzte martxoaren 2an, 22:00etan, Bilboko Itsas Museoan. Gainera, itsasontzia doan bisitatu ahalko da, zapatuan eta domekan, 10:00etatik 17:00etara, Getxoko portuan bertan.