Andra Mariko Sarri eta Ormaza erreketan oraindik irauten duten zatiak katalogatu eta gordetzeko eskatu diote URA agentziari Getxoko sei elkartek. Diotenez, Gobelaren isurkide bi horien ibilbide gehiena estali eta hodien bidez bideratu izan dute azken hamarkadetan; "horregatik eskatzen dugu oraindik existitzen diren jatorrizko zatiak babesteko", adierazi dute URAri helarazitako agirian.
Eskara bidali baino lehen, joan den domekan, Sarri errekaren ingurua garbitu eta ubidea marra zuri-gorriz mugatu zuen talde horietako zenbait kidek, bertatik igarotzen direnei erreka non dagoen adierazteko eta "urbanizazio-asmoek sor dezaketen arriskua" salatzeko.
Eskatzaileen esanetan, historikoki inguruko jendeak ezagututako errekak dira Ormaza eta Sarri, baina hala ere ez daude dokumentazio ofizialean jasota. Zehazki, Getxo 1923ko hirigintza antolamendu plan batekoa da aurkitu duten aipamenik berriena, "eta horrek kezkatu egiten gaitu". Diotenez, Andra Mari ingurutik Gobelara isurtzen diren erreketatik bakar baten existentzia dago ofizialki aitortua: Kandelu. Aitortza falta horrek ekar ditzakeen ondorio kaltegarrien adibide modura ipini dute Granada errekastoa lurperatu izana auto zinema egiteko. Gaur egun martxan dauden zenbait eraikuntza-proiektu Sarri eta Ormazari mehatxu egiten dietela gaineratu dute.
Urari egindako eskarian azaldu dutenez, inguruko herritarrek hainbat espezie dauzkate identifikatuta errekastootan, "kaskallu" izeneko arrainak eta aingirak, berbarako. Bestalde, gaineratu dute, isurkide horiei esker eutsi diezaioke Gobelaren jatorrizko ibilbidea izan zenak emariari eta egoera ekologiko egokiari.
Getxoko Udalak ubide horiekiko daukan jarrera kritikatu dute, azkenik: "Horiek irauteko sentiberatasunik eta interesik ez dago, eta horrek asko kezkatzen gaitu".
Honako hauek sinatu dute eskaria: Gobelak Kaltetutako Auzokideen Elkartea, Salsidu-Zubiak-Los Puentes Elkartea, Aldapan Bizi Elkartea, Andra Mariko Auzokideen Elkartea, Getxoko Auzokideok Plataforma eta Tosu Betirako Asanblada.