Gobernu-batzordeak duela gutxi esleitu dio zerbitzu hori Bolue Ingurumen Ikerketak enpresari, bi urtez (beste bi urterako luzatu daiteke) eta 49.852 euroren trukek (BEZ barne). Zerbitzuaren hirugarren nobedade bat da informazio- eta dibulgazio-kanpainak antolatuko direla eta ingurumenari lotutako boluntariotzako jarduerak sustatu eta babestuko direla.
Hiriguneko faunaren azterketak helburu bat dauka: "biodibertsitatea sustatu eta hobetzea Getxoko parke eta lorategietan, ahaztuta dagoen ekosistema bat baita, nahiz eta hiritarrek gehien bisitatzen dutenetakoa izan". Bestalde, udalerrian korridore ekologiko bat sortu eta egokitu gura dute, dauden ibaien ubideak baliatuta, "faunaren komunikazioa eta joan-etorriak bermatuko ditu balio natural handiena duten esparruen artean, hala nola Bolueko hezegunea eta kostaldearen artean", arduradunek azaldu dutenez.
Udalarentzat interes handia duen egitasmoa da. Zerbitzuaren barruan izango diren ingurumen-ekintzen sustapenari dagokionez, arlo horretan udalerrian egiten ari den boluntariotza lanari garrantzi handiagoa emateko dago bideratuta. Horiekaz batera, informazio eta dibulgazio-kanpainak egingo dira.
Zerbitzuaren beste helburu batzuk
Aipatutako nobedadeak ez ezik, zerbitzuak beste helburu batzuk ere baditu, azken urteetan betetzen ari direnak: faunaren jarraipena egitea Bolueko hezegune eta ibarrean, bereziki apoarmatuen populazioarena; bestetik, Bufo Calamita edo apo lasterkariaren populazioarena Azkorri-Gorrondatxeko hondartzan; baita itsaslabarreko eta udalerriko gainontzeko lekuetako espezieen jarraipena ere.
Zerbitzuan egiten den lanaren funtsezko alderdi bat da inbentarioa egitea, aipatutako tokietako berezko espezieak direnena, eta populazio erroldak prestatzea, urtekoak zein urtarokoak. Datu horiei guztiei esker ezagutu ahal da habitat naturalaren kalitate maila zein den.
Zerbitzuaren beste atal garrantzitsu bi dira hegaztien eraztunketa zientifikoa eta espezie exotiko inbaditzaileen kontrola eta zaintza, hirigunetik gertu dagoen edozein parkeren arazo nagusienetako bat animalien kontrolatu gabeko askatzea izaten baita. Arrotzak diren espezieen ikerketaren barruan sartuta dauden espezieak dira, besteak beste: Floridako dortoka bezalako apoarmatuak -hezeguneko bertako apoarmatuen (apoarmatu korrontezale eta istilzaleak) jarraipena ere egiten da-, arrainak, ugaztunak (bisoi amerikar eta koipu), karramarro gorri amerikarra eta zenbait landare (cortaderia, fallopia, eta abar). Halaber, laguntza teknikoa eskaintzen du zerbitzuak Bolueko ingurunea eta haren ibarraren eta, or ohar, Getxoko natura-ingurunearen gestioari buruzkoa.
Bolueri dagokionez, azkonarra, azeria, basurdea, orkatza, erbinudea edo katagorria bezalako ugaztun autoktonoak, besteak beste, apoarmatuak, anfibioak, narrastiak eta ehun hegazti espezie baino gehiago, hala nola lertxuna, antzara eta mirotza dira hezeguneko fauna-populazioa osatzen dutenak. Getxon hegazti-populazio interesgarria dago bere kokapen geografikoagatik, migrazio-bide erdian baitago, eta habitat barietate handia: hezegunea, zelai, landazabal, itsasertz eta itsaslabarrak, harizti-bailarak eta barrualdeko baso mistoa,...
Aurrekariak
Getxoko fauna-populazioaren gaineko ikerketa 1999an hasi zen, hegaztien inbentarioagaz eta 2000 urtean ugaztun, anfibio eta narrastiakaz. Ondoren, Bolueko hezeguneko faunaren jarraipenari eutsi zaio eta 2006az geroztik Azkorri-Gorrondatxe hondartzako fauna-populazioarena egiten da, bereziki apo lasterkariarena (Bufo calamita). Horrez gainera, 2009az geroztik hainbat animali-aleren errolda egiten da, hala nola harrapariena eta mehatxaturiko beste espezie batzuena.
Zerbitzutik eskainitako datuen arabera, Bolueko hezegune eta ibarrean zenbatutako 140 hegazti espezietatik 39 Espezie Mehatxatuen Euskal Katalogoan sartuta daude (espezie 1, benarriz arrunta, "galzoriko espezie" bezala dago sailkatuta, 7 "kaltebera" bezala, 20 "arraro" bezala eta 11"interes bereziko" legez).