Momentu honetan lizitazioan dauden obrak amaitutakoan ipiniko dira martxan aparkalekuko partzelak. Horrela ziurtatu zuen, atzoko udalbatzarrean, Joseba Arregik, Hirigintzako zinegotziak, PPren mozio bati erantzunez. Udal Gobernuaren babesaz onartu zen mozioa, lurpeko aparkalekua lehenbailehen abian ipintzea eskatzen duena. Arregik adierazi zuen obra horiek beharrezkoak direla zirkulaziorako eta ondo aparkatu ahal izateko. Gobernu Batzarrak 103 plaza horien kudeaketa lizitatuko du.
Paelletan, ingurune naturala errespetatu
Beste lau mozio ere onartu ziren. GUKek bi atera zituen aurrera. Lehenengoa, Getxoko Udalak, Paella Egunean, Bronx izenaz ezagutzen den jai-esparru alternatiboan parte hartzen duten taldeakaz eta antolatzaileakaz batera lan egitea eta jai eredu berri bat sortzea da. Horrek ahalbideratuko du Aixerrotako zelaietan ospatzen diren jaietan ingurune naturala ahal bezain beste errespetatzea eta mantentzea.
GUKek onartutako bigarren mozioak eskatzen du Udalak omenaldia egin diezaiela arrazoi barik desagertu diren pertsonei. Horretarako, martxoaren 9an, elkarretaratze isila egingo da udaletxeko eskaileretan. Datorren urtean, Bozeramaileen Batzarraren bidez, ekitaldia babesteko adierazpen instituzionala egingo da.
Ciudadanosen bi mozio ere onartu ziren. Lehenengoa, Getxoko auzo erkidegoen irisgarritasunerako aurrekontu partidaren gainekoa izan zen, besteak beste igogailuak eta eskailera-igogailuak ipini, egokitu eta birgaitzeko helburuz.
Beste alde batetik, Ciudadanosek GUKegaz adostutako mozioa izan zen, Udalak mugikorretarako aplikazio bat garatzeko deialdia egiteko eskatuz. Aplikazioak hainbat aukera izango ditu: TAO ordaintzea, bizikletak alokatzea, gorabeheren berri ematea denbora errealean, eta Getxoko informazio turistiko eta kulturala eskuratzea.