Getxo Kirolak erakundeak egindako hainbat kontratu zalantzan jarri ditu azken urteotan GUK taldeak. Berbarako, Getxo Kirolakeko presidentearen gertukoa den pertsona "zehatz" bat goi-kargu baterako kontratazioa salatu zuen alderdi horrek, 2016an; udaletxeko hainbat sindikatuk ere errekurritu egin zuten hori, hala nola CCOOk, USOk, LABek eta SVPEk. "Administrazioarekiko auzien epaitegiak eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman digu kontratua legearen kontrakoa dela esanez. Sententzia Getxo Kirolaken 'kortijo' izaera ebidentzian jartzen du", deitoratu du udal-taldeak.
GUK-k azaldu duenez, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak emandako epaiaren arabera udal-interbentoreak jakinarazi zuen kontratazioa ez zela urgentziazkoa ezta atzeraezina ere, araudiak eskatzen zuenaren kontra. "Hala ere, Getxo Kirolakeko Lehendakaritzak pertsona zehatz baten kontratazioa ahalbidetzeko oinarri batzuk egin zituen, eta horrela gertatu zen", deitoratu du udal-taldeak.
Getxoko Gobernu-taldeak adierazi duenez, epaiak ez ditu GUK taldearen akusazioak aintzat hartzen. "Sententziak Getxo Kirolakek behin-behineko kontratazioa baliogabetzen du, erakunde publikoek denboraldi jakin batean kontratazioak egiteko 2016ko Estatuaren Aurrekontu Orokorren Legeak ezartzen zuena betetzen ez duelako", arduradunek azaldu duenaren arabera. Era berean, gaineratu du sententziak "inondik inora" ez duela oinarrien legalitatea aztertu, ezta Getxo Kirolakek egindako hautaketa-prozesua ere. Hori dela eta, GUK Getxo taldeak egindako balorazioak "boluntaristak eta manipulatzaileak" izan direla deitoratu du Gobernu-taldeak.