Algortarako sarbidean biribilgune bat eraikiko dute, Euskal Herria kalean

Iker Rincon Moreno 2018ko mar. 5a, 13:09

Euskal Herria eta Txakursolo kaleen arteko bidegurutzean izango dira lanak.

Getxoko Udalak 60.336 euroan (BEZ barne) esleitu ditu Euskal Herria kaleko Algortarako sarbidean biribilgune bat eraikitzeko lanak, zirkulazioa baretu eta segurtasuna hobetzeko proiektuaren barruan. Lanok hiru hilabeteko iraupena izatea aurreikusita dago.

Uribe Kostako korridoretik Algortan sartzeko eta Algortatik korridorera irteteko dagoen bidean egingo dituzte lanak, igotzeko bi errei eta jaisteko errei bat dituena, 3,5na metroko zabalerakoak.

Proiektuak, funtsean, Txakursolo kaleko elkargunean biribilgune bat egiteko lanak jasotzen ditu. Ondorioz, ibilgailuen zirkulazioa baretzeaz gainera, segurtasuna areagotuko da bidegurutze horretan, ezkerretarako birak kenduz. Horretarako, oinezkoentzat ibilbide berriak ere egingo dira, irisgarriak, pasabide jasoen bitartez, LED balizadunak, Iturribarri eta Euskal Herria-Txakursolo aldeen artean.

Bidean dagoen errodadura geruza berrituko da, txarto baitago, eta argiztapena indartuko da aipatutako bidegurutzean, inguruan behar den beste argi-puntu jarrita.

Proiektuaren barruan ere daude sartuta gune horretako bide-seinaleak, horizontalak eta bertikalak, ipintzeko lanak, eta, era berean, neurriak hartuko dira Iturribarriko hiri-bide berriak zabalduta sor daitezkeen trabak kontrolatzeko.

Espaloia zabaldu Etxeandia Apezpikuaren eta zoladura hobetu Bolue kalean

Bestalde, Algortan ere, Etxeandia Apezpikuaren eta Bolue kaleetako oinezkoen ibilbideak hobetzeko eta horien irisgarritasuna bermatzeko lanak egingo dira (oraindino esleitu gabe daude). Uste da lanak amaitzeko epea bost aste ingurukoa izango dela eta beren aurrekontua 60.000 euro ingurukoa da.

Etxeandia Apezpikuaren kalean, Artibai kalea eta parkeko sarbidearen artean, egun dagoen espaloi estua zabalduko da eta higatuta dagoen zoladura berrituko da baldosa eta zintarriak ipinita.

Bolue kalean ere zoladura higatuta eta hondatuta dago, eta horregatik hor ere hobetzeko lanak egingo dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun