Atzo, domekan, gizon eta emakume baten arteko liskarra jazo zen taberna baten kanpoaldean, 22:50ak aldera. Udaltzainek biak banatu eta lasaitu zituzten. Ondoren, poliziek egiaztatu ahal izan zuten bikote izandako pertsona bi horiek ustekabean aurkitu zirela kalean. Gizonezkoa emakumearengana hurbildu zen, eta irainak botaz, horri eraso egin zion.
Erasotutako emakumeak 23 urte ditu, eta bikotekide ohiak eraso egin ziola azaldu zien poliziei; ondoren, gizonezkoaren kontrako salaketa jarri zuen. Urdulizko erietxera ere eraman behar izan zuten, zauriak sendatzeko. Gizona, 22 urtekoa, atxilotu zuten genero-indarkeriako delitu bategatik eta epailearen esku utzi dute.
Keltse Eiguren Berdintasun Zerbitzuko zinegotziak, ustezko erasoa gaitzetsi du eta gogoratu du "indarkeria sexista giza eskubideen urraketa larria" dela. Aldi berean tratu txar fisiko edo psikiko jasaten dituzten emakume biktimak Gizarte Zerbitzuetara (944 660 151) jotzeko animatu ditu, han egoeratik ateratzeko laguntza emango baitiete. Eigurenek gogoratu du Udaltzaingora (944 660 202) edo Ertzaintzara (944 063 420) ere jo dezaketela, baita Eusko Jaurlaritzaren tratu txarren biktimen telefono zenbakira (900 840 111) eta SOS DEIAK-era ere (112).