Hiriguneetan sortzen diren katu-taldeak oso erraz ugaltzen dira, eta horrek eragozpenak sor ditzake; jabego pribatuetako lorategi, parke edo ortuetan kokatzen direlako. Alkateak, Imanol Landak, adierazi duenez, "auzotarrak kezkatuta daude problema horrekin, horregatik erabaki dugu horrelako kanpaina antolatzea".
José Luis Landa Ingurumen zinegotziak, bere aldetik, programaren abantailak azpimarratu ditu: "kaleko katuen ugalketa kontrolatuta egongo da; ehizatzen jarraituko dute, beraz ez dira animalia karraskaririk egongo; katuak ez dira zeloan egongo, beraz haien arteko borrokak desagertuko dira".
Kanpaina eta laguntzak
Informazio eta sentsibilizazio-kanpaina izango dira programaren euskarri nagusiak. Alde batetik, esku-orriak banatuko dira postontzietan; eta bestetik, kartelak ipiniko dira interesgarriak diren hainbat puntutan. Koloniak kontrol barik ugaltzea ez ezik, auzokideen artean gatazkak saihestea eta katuen bizi-kalitatea hobetzea izango dira kanpainaren helburu nagusiak.
Getxoko Udalak adierazi duenez, katu-taldeakaz arazoak dituzten komunitateek laguntza edo informazioa eska dezakete 944 660 191 telefonoan edo ingurugiroa@getxo.eus posta elektronikoan. Hala ere, martxoaren 17an, zapatuan, Areetako Xake plazan programaren gaineko karpa bat ipiniko da.
Iazko kanpainan, Getxoko Udalak katuak hartu, albaitarien eskuetan ipini eta intoxikazio-sintomarik izanez gero, botikak eman eta euren jatorrizko kolonietara eroaten zituzten, atzera bueltan.